Herriak eta Hiriak
Araudi berria
Bezeroak etxeko atarian sartu arte itxarongo dute Bilboko taxilariek
Agentziak | Erredakzioa
Ordu zehatzetan eta bezero ahulenei atez ateko zerbitzua eskaintzen zieten taxilariek dagoeneko, baina ordenantza berriarekin hobeto arautu nahi dute orain.
-
Bilboko taxiak. Artxiboko irudia: EiTB
Emakumeen, paketeak daramatzaten edo desgaitasunen bat duten pertsonen segurtasuna bermatzeko, Bilboko taxiek (774 lizentzia hirian) bidaiariak etxetik gertu utzi ahal izango dituzte, Bizkaiko hiriburuaren Udalak ekainak 28ko Udalbatzan onartzeko asmoa duen araudi berriaren arabera. Horrela, bezeroak etxeko atarian sartu arte itxarongo dute taxilariek.
Ganemos Goazen talde politikoak "atez ateko" zerbitzua arautzea planteatu zuen.
Udalaren Mugikortasun arloko iturriek azaldu dutenez, ordu zehatzetan eta bezero ahulenei atez ateko zerbitzua eskaintzen zieten taxilariek dagoeneko, baina ordenantza berriarekin hobeto arautu nahi dute orain.
Maskotekin bidaiatzea
Bestalde, etxe-animalien jabeek maskotekin bidaiatzeko aukera izango dute Bilboko taxietan, baina aldez aurretik zerbitzua eskatu beharko dute.
Taxi zerbitzuaren aukera hori Udalberrik (Podemosek, Ezker Anitzak eta Equok osatutako koalizioa) proposatu du gaur, eta Alfonso Gil (PSE-EE) Bilboko Udalaren Mugikortasun zinegotziak onartu egin du, Udaleko eta koalizioko iturriek jakitera eman dutenez.
Ordenantza berriaren arabera, animaliaren ongizatearekin bateragarriak diren baldintzetan zerbitzua emateko aukera izango du ibilgailuaren gidariak, segurtasun handiena bermatzeko eta eragozpen txikienak sortzeko.
Udal Gobernuak talde politikoen zuzenketak jaso ondoren, udal-ordenantza berria ekainean bertan onartzeko asmoa dute hasiera batean. Esposizio publikorako epe bat amaitzean, araudia behin betiko uda ondoren onartuko dute; izan ere, hilabete horietan ez da udalbatzarik egingo.