Itxi

Herriak eta Hiriak

Iruña

Glazietako zeharkalean ibilgailuei ustez su eman zien gizona atxilotu dute

Agentziak | Erredakzioa

43 urteko gizonezko bat atxilotu du Udaltzaingoak. Motxila batean bi pizgailu eta sua pizteko pastilla ugari zeramatzan atxilotuak.

  • Iturrama auzoan izandako sutea. Argazkia: EFE

    Horrela geratu dira kiskalitako ibilgailuetako batzuk. EFE

Iruñeko Udaltzaingoak 43 urteko gizon bat atxilotu du, Glazietako zeharkalean izandako sutearen egilea delakoan. Motxila batean bi pizgailu eta sua pizteko pastilla ugari zeramatzan atxilotuak.

A.F.O.A. atxilotua iruindarra da, eta epailearen esku utzi dute, Udaltzaingoak agiri batean jakitera eman duenez. 02:45 aldera sutearen abisua jaso dute. Zeharkalean aparkatutako zenbait ibilgailu sutan ziren.

Lau patruila bertaratu dira. Su-itzalgailuekin sugarrak itzaltzen saiatu dira, baina esfortzua “alferrikakoa izan da”, zehaztu dutenez.

Ondoren, sutea kontrolatu eta ibilgailu gehiagori ez eragitea lortu dute suhiltzaileek. Hala ere, zortzi ibilgailuk kalteak izan dituzte, horietako bost guztiz kiskali ditu suak.

Gainera, inguruko lau edukiontzi kaltetu ditu suteak, baita denda bateko fatxada ere.

Inguruan zegoen pertsona bati susmoa hartu dio polizia batek. Susmagarria ohartu egin da, eta bertatik ospa egin du.

Poliziak emandako deskribapenarekin bilaketa dispositibo bat martxan jarri dute. Susmagarria Armada etorbidean aurkitu dute.

Likido sukoi baten kiratsa zeriola ohartu dira poliziak, eta motxila barruan bi txiskero eta sua pizteko hainbat pastilla atzeman dizkiote.

Zantzuak eta azalpen logikorik ematen ez zuela ikusita, atxilotu eta Udaltzaingoaren polizia-etxera eraman dute, kalte delitu bat egotzita.

Goizean zehar pertsona asko pasa dira polizia etxetik, sutearen kalteengatik salaketa aurkezteko.