Itxi

Herriak eta Hiriak

Trafikoa

Trafiko aldaketak Bilbon, Vueltako 17. etapagatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Espainiako Itzuliko 17. etapa Getxotik atera eta Oizen bukatuko da irailaren 12an. Birritan igaroko da Bilbotik, eta horrek eragina izango du trafikoan eta aparkalekuetan, 12:45etik 15:15era.

  • Inmediaciones de San Mamés (foto de archivo). Foto: Alberto Acebedo

    Inmediaciones de San Mamés (foto de archivo). Foto: Alberto Acebedo

Espainiako Itzuliko 17. etapa Bilbotik igaroko da asteazken honetan. Hain zuzen ere, Getxo eta Oiz mendia lotuko ditu aipatu lasterketak, 166,4 kilometroko ibilbidea eginda. Tropela birritan igaroko da Bilbotik, eta horrek trafiko aldaketak ekarriko ditu 12:45 eta 15:15 bitartean, gutxi gorabehera.

Hala, Deustu, Abando, Basurtu-Zorrotza, Begoña eta Uribarri auzoak izango dira kaltetuenak, A-8 autobideko San Mameseko sarrera-irteera itxiko baitute. Gainera, Artxanda-Salbe eta Carmelo Bernaola tunelak (Euskalduna zubira bidean) eta Ibarsusi-Agirleta errepidea (Agirleta gainera bidean) itxiko dituzte.

Arazoak saiheste aldera, A-8 autobidetik datozen ibilgailuei Juan Garai kaleko sarbidea edota Mirafloresko bidezubia hartu beharko dute. Bigarren aukera garraio publikoa erabiltzea da.

Esan bezala, gutxi gorabehera, 12:45 eta 13:45 bitartean igaroko dira lehen aldiz txirrindulariak Bizkaiko hiriburutik, eta kale hauetan izango du eragina lasterketak: Elorrieta Erribera, Zarandoa etorbidea, Morgan, Olaeta Baletak, Euskaldunako biribilgunea, Euskalduna zubia, Jesusen Bihotza plaza, Sabino Arana etorbidea, Juan Antonio Zunzunegi etorbidea, Gurtubai kalea, Montevideo etorbidea eta Fray Juan kalea.

Gainera, ibilbidea zeharkatzen duten kaleak itxi egingo dituzte. Horrela, sarrera-irteerarik gabe geratuko dira, larrialdietarako izan ezik, Elorrietako ingurua (Elorrieta Plazan izan ezik, kontrako noranzkoan irten ahal izango baitira ibilgailuak Kanaria Uharteen kalean zehar, Udaltzaingoak erregulatuta), Zarandoa etorbidearen ibaiertzeko ingurua, Zorrotzaurreko penintsula, Olabeaga auzoa, San Mames futbol-zelaiaren ingurua, Basurtuko ospitalea eta Zorrotza auzoko iparraldea (kiroldegiaren aldea).

12:45 eta 15:15 bitartean, bigarren aldiz sartuko dira txirrindulariak Bizkaiko hiriburuan. Kasu horretan, kale eta errepide hauetan izango du eragina Vueltak: Fray Juan, Montevideo etorbidea, Gurtubai, Sabino Arana etorbidea, Jesusen Bihotza plaza, Kale Nagusia (tarteko helmuga), Moyua plaza, Errekalde zumarkalea, Salbeko zubia, Maurice Ravel etorbidea, Zumalakarregi etorbidea, Joan XXIII.aren plaza, Zabalbide eta BI-631.

Zirkulaziorako itxita daudenean, kale horietako bidegurutze eta zeharkale guztiak ere zarratuta egongo dira. Sarrera-irteerarik gabe geratuko dira, beraz, larrialdietarako izan ezik, San Mames futbol-zelaiaren ingurua (2 metrotik beherako altuera duten ibilgailuek honako bidea erabili ahalko dute sarrera-irteerarako: Ventosa bidea, Olabeaga kaia, Jesusen Bihotza Plazaren atzeko biribilgunea), Basurtuko ospitalea eta Zorrotza auzoko iparraldea (kiroldegiaren aldea), baita Remar eta Sarrikue etxaldeetako ingurua ere.

VUELTA DE ESPAÑA PLANO BILBAO

Bilborako sarrerak

Lasterketak eragina izango du Bilboko sarbide batzuetan eta Abando eta Olabeaga inguruan. Hain zuzen ere, 12:45 eta 15:15 bitartean, gutxi gorabehera, itxita egongo da sarrera-irteera San Mamesko tuneletik.

Carmelo Bernaola tunela, Euskaldunara bidean, itxita egongo da tropela lehenengoz pasatzen denean, eta Artxanda-Salbe tunela, bi noranzkoetan, bigarrenez igarotzean.

Ibarsusi-Agirleta errepidea ere, Agirleta gainerako bidean, itxita egongo da lasterketaren bigarren tartean.

Horien ordez, Abando eta Indautxuko sarrera-irteerak Juan Garai kaletik, Mirafloresko bidezubitik edo Deustuko zubitik egitea gomendatzen dute.

Aparkalekuak

Tropela igarotzeko zirkulaziorako itxita egongo diren kaleetako pasabideak eta aparkalekuak ere zarratuta egongo dira.

Garraio publikoa

Kaleak itxita daudenean, Termibusetik abiatzen diren autobusek Briñas, Autonomia, Juan Garai bidea egin beharko dute A-8ra sartzeko. Bestalde, A-8tik Termibusera iristeko, Juan Garai, Autonomia, Briñas, Perez Galdos (kontrako noranzkoan) bidea egin beharko dute.

Gainera, Bilbobuseko hainbat lineatan aldaketak egin beharko dituzte, bai ibilbideetan bai ohiko geralekuetan.

Nola edo hala, murrizketa horiek Bizkaibuseko autobusetan eta Termibus erabiltzen duten gainerako linea eta konpainietan ere izango dute eragina. Lasterketaren inguruan dauden taxi-geralekuetan ere aldaketak egingo dira.

Azkenik, 12:45 eta 15:15 bitartean, tranbia Atxuri eta Euskalduna artean bakarrik ibiliko da.

_________________________________

Hau ere zure interesekoa izan daiteke:

- Trafiko aldaketak Bizkaian, Oiz mendian amaituko den Vueltako etapa dela eta

- Trafiko aldaketak Getxon, Vueltako 17. etapa dela eta