Herriak eta Hiriak
Azoka
Ikastetxeetako postuetan alkohola saltzea debekatu du Donostiak, San Tomasen
Agentziak | Erredakzioa
Araua urratzen duen saltokia berehala itxiko dutela ohartarazi du Udalak. Postu horietan bildutako dirua ikasketa bidaia ordaintzeko erabiltzen dute ikasleek.
-
San Tomas 2017 Donostian. Artxiboko argazkia: EFE
Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikastetxeetan dauden San Tomas azokako txistor saltokiek alkohola saltzea debekatu du Donostiako Udalak, adingabeen artean edari alkoholikoen “kontsumoa murrizteko” helburuarekin.
Festa zinegotziak proposatu zuen neurria iragan asteazkenean, Alkoholaren Mahaian. “Arlo guztiek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Zerbitzuak ongi hartu zuten”, Udalak agiri batean azaldu duenez.
Horretarako, Eguberri aurreko azokan txistor saltokia lortzeko baldintzak aldatu dituzte. “DBH edo Batxilergoko ikastetxeei esleitutako postuek ezin izango dute alkoholik saldu”, zehaztu dute araudian.
Araua urratzen duen saltokia berehala itxiko dutela ohartarazi du Udalak. Postu horietan bildutako dirua ikasketa bidaia ordaintzeko erabiltzen dute ikasleek.
Orain arte DBH eta Batxilergo ikastetxetako saltokietan adineko pertsona batek ardoa eta sagardoa saltzeko ardura zuen.
Hala ere, baldintza hori askotan “urratzen” zela egiaztatu du Udalak, eta horregatik araua aldatzea erabaki du, bide batez, “2016ko Adizio eta Droga-mendekotasun Legea betez”.
Txistor saltokiak zozketa bidez banatuko dituzte azaroaren 15ean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Guztira, 50 postu banatuko dituzte.