Herriak eta Hiriak
Gertaera
40 urteko zuhaitz bat errepidera erori da Bilboko etorbide batean
Agentziak | Erredakzioa
Zuhaitzak ez dio kalterik eragin Deustuko Agirre Lehendakariaren etorbidetik igarotzen ari ziren ibilgailuei, ezta oinezkoei ere.


40 urte zituen zazpi metroko zuhaitz bat erori da, bat-batean, astearte honetan Deustu (Bilbo) auzoan, baina ez du ez ibilgailurik ez oinezkorik harrapatu. Dena den, errepidea itxita egon da zuhaitza bidetik kendu duten arte.
09:20an erori da, Agirre Lehendakariaren etorbidean, Deustu auzoko kale nagusian, San Inazio auzorako noranzkoan eta Bidarte Barrutiko zentroaren eraikinetik gertu.
¿ÚLTIMA HORA/ Cerrada la Avenida Lehendakari Agirre sentido Puente de Deusto (Bilbao) hasta que los bomberos retiren el árbol. Vídeo de un oyente en el 688840840 ¿ pic.twitter.com/xtqptXJwYG
— Boulevard R. Euskadi (@Boulevardeitb) 9 de octubre de 2018
Eroritako zuhaitza 40 urteko zumar bat da, eta, Bilboko Udaleko parkeen eta lorategien saileko teknikarien ustez, sustraiek jasandako gaixotasun batek eragin du lurrera erori izana, enborra eta goiko parteko adarrak osasuntsu daudela esan baitute teknikariek lehen azterketa bat egin ostean.
Zuhaitza bat-batean erori eta bidean zeharkatuta gelditu da, baina, zorionez, ez da inor zauritu, Udaleko iturriek eitb.eus-i jakinarazi diotenez.
Erorketak, hala ere, eraginak izan ditu trafikoan, ordubetez itxita egon baita errepidea, zuhaitza bidetik kendu duten arte. Lan horietan Bilboko suhiltzaileek parte hartu dute, baita Udaleko garbiketa zerbitzuek ere. Behin zuhaitza errepidetik kenduta, trafikoaren zirkulazioa berrabiatu dute normaltasunez Deustu auzoan, Sarriko eta San Inaziorako noranzkoan.