Itxi

Herriak eta Hiriak

DONOSTIA

2019ko Urrezko Danborra irabazteko hautagaiak aurkezteko epea ireki dute

EITB.EUS

Azaroaren 11ra arte aurkeztu ahalko dira hautagaitzak, eta abenduaren 10etik 16ra egingo da herri-bozketa. Abenduaren 17an jakingo da zeinek lortu duen boto gehien.

  • Richard Oribe, 2018ko Urrezko Danborra

    Richard Oribe, 2018ko Urrezko Danborra. Artxiboko argazkia: EFE

Gaurtik aurrera, abian da 2019ko Urrezko Danborra aukeratzeko prozesua. Hautagaitzak aurkezteko epea azaroaren 11n amaituko da, eta Donostian erroldatuta dauden herritarrek eta elkarteek, fundazioek, kirol klubek eta Donostiako Udaleko taldeek egin ahalko dituzte proposamenak.

Proposamenak web atariaren bidez egin ahalko dira, eta gune berezia jarri da bertan horretarako, baina Udalinforen bulegoetan (Altza, Easo, Morlans eta Udaletxeko bulegoetan) eta Herri Partaidetza sustatzeko Easoko bulegoan ere egin ahalko dituzte proposamenak. Bertara joaten diren pertsonek laguntza teknikoa jasoko dute proposamena online plataformaren bidez egiteko. Hautagaiak aurkezteko epea azaroaren 11n amaituko da.

Azaroaren 12tik 21era, Idazkaritza Orokorrak eta Herri Partaidetza Zerbitzuak proposamenak aztertuko dituzte eta txostena egingo dute. Txostena Udalaren Bozeramaileen Batzordera bidaliko dute, eta batzordeak 3-5 hautagaitza aukeratuko ditu azaroaren 22a eta 26a bitartean.

Hurrengo bost egunetan, hau da, azaroaren 26a eta 30a bitartean, Donostiako Udala aukeratutako hautagaiekin harremanetan jarriko da Urrezko Danborrerako hautagai izan nahi duten jakiteko.

Herri-bozketa abenduaren 10etik 16ra bitartean egingo da, eta 16 urtetik gorako donostiarrek parte hartu ahalko dute bertan, erroldatuta badaude. Pertsona bakoitzak behin bozkatu ahalko du, eta horretarako hainbat datu eskatuko dira. Horrenbestez, "pertsona bat, boto bat" printzipioa bermatuko da.

Bozketa amaitu eta prozesua egiaztatutakoan, abenduaren 17an argitaratuko dute hautagai irabazlearen izena.