Itxi

Herriak eta Hiriak

IZENDAPENA

Elgoibar Europako Kirol Herria izango da 2019an

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Egoibarrek dituen kirol azpiegiturak, kirol eskaintza eta kirol ekitaldiak antolatzeko gaitasuna nabarmendu ditu izendapena egiten duen ACES elkarteak.

  • Mintxetako kirol instalakuntzak, Elgoibarren. Argazkia: Vicente Guinea González De Artaza

    Mintxetako kirol instalakuntzak, Elgoibarren. Argazkia: Vicente Guinea González De Artaza

Elgoibar herriak izendapen berezi bat jaso du: 2019ko Europako Kirol Herria izendatu dute. Kirolaren Europako Hiriak eta Herriak (ACES) elkarteak ematen duen saria da, eta Egoibarrek dituen kirol azpiegiturak, kirol eskaintza eta kirol ekitaldiak antolatzeko gaitasuna nabarmendu ditu.

Irailean aurkeztu zuen Elgoibarrek bere hautagaitza, eta Gian Francesco Lupattelli ACES elkarteko presidenteak joan den astean jakinarazi zion, gutun bidez, izendapena Udalari.

Herria zoriondu du Lupattellik gutunean, eta "kirolarentzat eredu" dela azpimarratu du. "Zorionak sariagatik, zure udalerria benetan guztiontzako kirolaren adibide baita, osasun, integrazio,heziketa eta errespetuzko tresna gisa. ACESen partekatzen ditugun balioak dira. Zorionak baita udalerriak dituen antolakuntzarako ahalmenagatik eta kirol azpiegitura eta jarduerengatik",  adierazi du idatzian.

Ane Beitia Elgoibarko alkateak abenduaren 4an, Bruselan, Europar Parlamentuaren egoitzan egingo den ekitaldian jasoko du izendapena.

Elgoibarko Udalak "balorazio oso positiboa" egin du eta "pozik" agertu da. Beitiak herriko eragileek, taldeek eta elkarteek urtetan egindako lanaren garrantzia nabarmendu du. "Beraiek gabe izendapen hau ez litzateke posible izango", esan du.

Irailaren amaieran ACES Europako ebaluazio batzordeak Elgoibar bisitatu zuen, herriko kirol instalazio eta azpiegiturak ikusteko, eta Europako Kirol  Herri izateko baldintzak betetzen zituen frogatzeko.