Itxi

Herriak eta Hiriak

Gabonetarako egitasmoa

Ostegun honetan jarriko dute martxan izotz pista 'ekologikoa' Bilbon

EiTB.EUS

400 metro koadroko pista eta sei erreiko txirrista izango ditu. Azaroaren 29tik urtarrilaren 6ra egongo da irekita, eta izotz pistarako sarrerak 3 euroan salduko dituzte.

  • Argazkia: Bilboko Udala

    Argazkia: Bilboko Udala

Gabon festetarako Bilboko Areatzan jarriko duten izotz-pista muntatzeko lanak amaituta, ostegun honetan zabalduko dute estalperik gabeko izotz-pista, Udalak jakitera eman duenez.

Berritasunak dakartza aurtengo egitasmoak, Casilla pabiloia utzi eta aire zabalera mugitu baitute izotz-pista, Erripa kalera, zehazki. Gainera, estreinakoz, "izotz ekologikoa" erabiliko dute, material berritzaileak, abangoardistak eta jasangarriagoak aukeratu baitituzte. Apustu horrekin, Udalak ura eta elektrizitatea aurreztuko ditu, baita karbono dioxidoaren isuriak ere.

Izotz-pista 400 metro koadroko eremu batean dago kokatuta, eta sei erreiko txirrista du.

Azaroaren 29tik urtarrilaren 6ra egongo da irekita.

3 euroren truke, 30 minutuz izotz-pistan ibiltzeko aukera izango dute bertara gerturatzen direnek. Txirristatik hiru aldiz jaisteak, berriz, 2 euroko prezioa izango du. Gainera, taldeek, familia ugariek eta 65 urtetik gorakoek merkeago eskuratuko dituzte sarrerak, Erripan bertan jarriko duten txarteldegian edo Internet bidez.

20 lagunetik gorako taldeek posta elektronikoz egin beharko dute erreserba, reservasgabonak@proasur.com helbidera mezua bidalita.

Instalazioak 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era egongo dira irekita.