Itxi

Herriak eta Hiriak

Hiriko ordezkaria

Felix Linares EiTBko kazetaria, 'Bilboko Ospetsua'

Agentziak | Erredakzioa

Era berean, Victoria Cañas enpresaburu eta ardandegi-jabea eta Isidro Elezgarai Unicef Euskadiko presidentea 'Bilboko Ospetsuak' izendatu ditu Udalak.

  • Felix Linares kazetaria. Artxiboko irudia: EiTB

    Felix Linares kazetaria. Artxiboko irudia: EiTB

Victoria Cañas enpresaburu eta ardandegi-jabea, Felix Linares EiTBko kazetaria eta Isidro Elezgarai Unicef Euskadiko presidentea 'Bilboko Ospetsuak' izendatu dituzte astearte honetan, Juan Maria Aburto alkateak Udal Gobernua bildu ondoren jakitera eman duenez.

Sari banaketa datorren astelehenean egingo dute, abenduaren 17an, 20:00etan. Orain arte 99 izendapen banatu ditu Bilboko Udalak.

Bilboko Ospetsuak 2001ean banatu zituzten aurrenekoz. “Hiriaren izen ona zabaltzen duten pertsonak edo erakundeak aitortzeko” helburuarekin jaio ziren sariak.

Alkateak azaldu duenez, “kultura, literatura, artea eta zinemaren sustapenean duen konpromisoagatik” Felix Linares saritu dute; Victoria Cañas “emakume ekintzaile, enpresaburu arrakastatsua delako eta Bilbotik egindako artearen zen diseinuaren aldeko apustuagatik”; eta Elezgarai “munduko beste herri eta adingabeenganako elkartasun eredu delako”.

19 urte zituela hasi zen Linares irratian lanean, 'El Mundo del Jazz' irratsaioan, Bilboko Herri Irratian, hain zuzen ere. Radio Euskadiko behargina da egun. 'La noche de...' ETB-2ko zinema saioaren aurkezlea ere bada, eta programak 23 urte daramatza antenan.

Victoria Cañas Kazetaritzan lizentziatua da EHUn, eta baita Eltziegoko (Araba) Diez-Caballero familia upategiko jabea ere. Aburtoren ahotan, “Arabako Errioxaren enbaxadore onena da Bilbon, eta Bilborena Arabako Errioxan”.

Arabako Errioxako emakume ardandegi-jabe bakarrenetakoa da. Gainera, Mujer Siglo XXI elkartea sortu zuen emakume taldeko kide izan zen.

Azkenik, Isidro Elezgaraik ia 25 urte eman ditu lanean Laboral Kutxan. Babesle, Gizarte Ekintza eta Kanpo Harremanetarako zuzendaria izan zen aurrena, eta ondoren, Prentsa Harremanetarako zuzendaria. Kargu horretan erretiroa hartu zuen duela hiru urte.

Besteak beste, Begoñako Andra Mariaren Neba Nagusi, Aste Santuko pregoilari (2005), Bilboko Erraldoi (2009), Aste Nagusiko pregoilari (2010), Bihotza Sariak (2015) eta Villano de Honor (2016) izendatu dute.

'Bilboko Ospetsuak' partaidetza prozesu baten bidez aukeratzea eskatu du EH Bilduk, orain “aldebakarreko” hautaketa egiten delako, eta prozesua “erabat iluna delako”.