Itxi

Herriak eta Hiriak

Gabonak

Olentzerok eta Mari Domingik abenduaren 23an bisitatuko dute Bilbo

EiTB.EUS

17:30etik aurrera, Moyua plaza eta Arriaga Antzokia lotuko ditu Olentzeroren kalejirak. Antzerkia eta zuzeneko musika izango ditu protagonista aurten ere.

  • Olentzero eta Mari Domingi, Bilbon

    Olentzero eta Mari Domingi. Argazkia: Bilboko Udala

Bilbora aurki egingo duten txangoa prestatzen dabiltza dagoeneko Olentzero eta Errege Magoak.

Ohi bezala, Olentzero eta Mari Domingi izango dira Bilbora iristen lehenak. Izan ere, baserria utzi eta, abenduaren 23an, arratsaldez, iritsiko dira Bizkaiko hiriburura.

Hala, Bilboko kaleak zeharkatuko dituzte, 17:30etik aurrera. Ordu horretan, Carlton hoteleko balkoira aterako dira, han bildutako haurrak agurtzeko. Mari Domingi ez ezik, galtzagorriak, Basajaun eta Lamia ere izango ditu lagun Olentzerok.

Behin umeak agurtuta, Arriaga Antzokira arte helduko den kalejira abiatuko dute. Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, antzerkia eta zuzeneko musika izango ditu protagonista desfile horrek.

Gainera, abenduaren 23an Arriaga Antzokian egingo dute lo, hurrengo egunean, goizeko 11:00etan ehunka haurren bisita jasoko dutelako.

Bestalde, urte berriak Errege Magoen kabalgata ekarriko du. Hain zuzen ere, urtarrilaren 5eko arratsaldean iritsiko dira Bilbora argiz, soinuz eta kolorez jantzitako zalgurditan.

Olentzeroren kalejirarako operatibo berezia

Olentzerori ongietorria emateko desfilea gutxi gorabehera, 17:30ean hasiko da eta hau izango da ibilbidea: Moyua plaza, Kale Nagusia, Plaza Biribila, Nafarroa, Areatzako zubia, Arriaga plaza.

19:00etan Arriaga plazan egingo diote harrera Olentzerori. Han ikazkinak Areatzako zubiaren inguruan bildutako jendea agurtuko du, antzokira sartu aurretik. Behin barruan, atsedena hartuko du eta ilusioa eta opariak banatuko dizkie umeei.

Aldaketak zirkulazioan

Olentzeroren etorrera dela-eta, 17:15etik 20:00etara bitartean, gutxi gorabehera, hiriaren erdialdeko zenbait kale itxi beharko dira, lehenengo batzuk eta desfilea pasatu ahala kale horiek zabaldu eta beste batzuk itxiko dituzte.

Hala, 17:15etik aurrera, ibilgailuen trafikorako itxita egongo da Kale Nagusia, Moyua plazaren eta Plaza Biribilaren artean. Bide-zati hori itxita dagoen bitartean, Kale Nagusiko eta hura zeharkatzen duten kaleetako (Portuko markesa, Astarloa eta Mazarredo zumarkalea) aparkalekuetara ezin izango da sartu ezta atera ere.

Mazarredo zumarkalearen eta Astarloa kalearen artean dagoen Ledesma kaleko bide-zatian aurreko bidegurutzetik sartu eta irten beharko, seinalistek lagunduta.

Gainera, kalejira Nafarroa kaletik igarotzen ari den bitartean, eragozpenak egongo dira Bailen eta Erripa zeharkako kaleetan eta hor dauden garajeetan.

Aldaketak Bilbobusen

Olentzeroren desfileak eragina izango du Bilbobusen linea batzuetan. Kale Nagusiko 36ko geralekua (01, 10, 26, 56, 62, 72, 77 eta A7 lineak) eta 3, 7 geralekua kendu egingo da norabide bietan 17:45etik desfilea pasatu arte.

Era berean, 17:15etik aurrera, 56 eta 77 lineetako autobusak Moyua plazatik abiatuta ibilbide hau izango dute: Elcano - Hurtado de Amezaga - Zabalburu - Gorte kalea, eta hortik, ohiko ibilbidea.

28, 62 eta 72 lineetako autobusek ere aldatuko dute ohiko ibilbidea. Haren ordez hau izango dute: Colón de Larreategi - Buenos Aires - Udaletxeko zubia, eta hortik, ohiko ibilbidea. Erriberatik datozen autobusek ibilbide hau izango dute: Mesedetako zubia - San Frantzisko - Zabalburu plaza - Ayala - Urkixo zumarkalea - Iparraguirre - Moyua plaza, eta hortik, ohiko ibilbideak. Aldaketa guztiei buruzko informazioa geralekuetan bertan, www.bilbao.eus/bilbobus orrian edota 010 zenbakian kontsultatu daiteke.

Udaltzaingoaren operatiboa

Herritarren Segurtasun Sailak dispositibo berezia antolatu du egun horretarako. Kalejirak irauten duen bitartean, Udaltzaingoa izango da ibilgailuen zirkulazioa arautu eta ibilbidea zuzendu eta babesteko ardura izango duena Arriaga Antzokirako bidean.

Gainera, udaltzainek segurtasun arloko zaintza- eta kontrol-lanak egingo dituzte, jende-pilaketak aurreikusi baitira. Patruilak hiriaren erdialdean ibiliko dira, batik bat, Kale Nagusiaren eta Areatza inguruko kaleetan, kalejira ikusi eta Gabonetako erosketak egiteko jende ugari joatea espero delako.

Garbiketa lanak

Horretarako, Obra, Zerbitzu, Hiri-eraberritze eta Espazio Publikoko Sailak garbiketarako operatibo berezia prestatu du: 30 behargin eta 35 makina -10 erratz-makina, pick-up motako 4 ibilgailu, garbitzeko 11 porter ibilgailu eta 10 haize-makina- arituko dira kalejira igaro ahala kaleak garbitzen. Hartara, kalejira amaitutakoan kaleek betiko itxura izango dute.