Itxi

Herriak eta Hiriak

#BilbaoGabonak

400 jarduera inguru eta Gabonetako merkatua hartuko ditu Bilbok Eguberritan

EiTB.EUS

#BilbaoGabonak proiektua gaur bertan jarriko dute martxan, 20:00etan. Ordu horretan, Bizkaiko hiriburuko kaleak argiztatuko dituzte, eta Gabon giroa nagusituko da hirian.

  • 400etik gora jarduera antolatu ditu Bilbok Gabonetarako

    Olentzero eta Mari Domingi. Argazkia: Bilboko Udala

#BilbaoGabonak proiektu pilotua abiatuko du azaroaren 28an Bilboko Udalak, Gabon festetan ere, Bizkaiko hiriburua bisitarien eta bertako bizilagunen bilgune izan dadin.

Egitasmo horren helburua da, beraz, inguruko herrietako zein atzerriko bisitariak erakartzea, baita merkataritza eta negozioak bultatzea ere. Hartara, leku magiko eta erakargarri bilakatu nahi dute Bilbo Eguberrietan.

#BilbaoGabonak ekimena gaur bertan aurkeztu dute Udaleko ordezkariek, prentsaurreko batean. Bertan azaldu dutenez eta Europako beste hiriburu batzuen ereduari jarraituta, Bilbok Gabonetako proiektua indartu du. Horretarako, 400etik gora jarduera antolatuko dituzte: Gabonetako merkatua, helduentzako zein haurrentzako aisialdirako leku bat, izotz pista ekologikoa eta argiztapen berria, besteak beste.

Hain zuzen ere, Areatzan eta Erripa kaian egingo dituzte jarduera guztiak, Arriaga eta udaletxea batzen dituen bidean.

Bilbao Arenal Arriaga ria (foto: Jose Luis Cazallas Ruiz)

Argazkia: José Luis Cazallas Ruiz

Balea erraldoi bat

Esan bezala, 20:00etatik aurrera ekingo diote #BilbaoGabonak proiektuari. Ordu horretan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Gabon festei emango die hasiera, hiri guztia aldi berean argiztatuta.

Hala, udaletxeko balkoitik harmailetaraino, argi jauzia jarriko dute. Gainera, bideo-emankizuna ere eskainiko dute, eta sei metroko altuera eta 12 metroko luzera duen balea erraldoi bat jarriko dute. Horrela, bai balea eta baita Arriagako 14 metroko zuhaitza ere argiz jantziko dira.

Bestalde, baso magiko baten itxura hartuko du Areatzak. Izan ere, bertako 120 zuhaitzak urre-kolorez apainduko dituzte, argiztapen berezi baten bidez.

Gabonetako merkatua

Aurten, estreinakoz, Gabonetako merkatua edukiko du Bilbok. Udalaren helburua da merkataritza eskaintza eta aisialdia sustatzea. Horrekin, halaber, bisitari gehiago erakarri nahi dituzte. Udaletxeko eta Areatzako zubien artean egongo da kokatuta.

Izotz pista eta txirristak

Berritasunen artean, nabarmentzeko modukoa da izotz pista aire zabalera aldatuko dutela. Hau da, Casillako Pabiloitik atera eta Erripa kaian ezarriko dute.

400 metroko pista eta sei erreiko txirrista izango ditu.

BILBO IZOTZ PISTA

Gabonak auzoetan

Eskaintza kulturalari dagokionez, Bilboko Udalak gaikako programazioak antolatu ditu barruti eta auzoetan. Aukera anitza egongo da, jarduera tradizionalak (Abesbatzen Gabonetako Kontzertuak, esaterako) baina baita umorea, antzerkia eta zirku garaikidea ere; jarduerak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira eta adin guztiak hartu dira kontuan.

Animazioa eta musika emanaldiak kalean

Kalean formatu txikiko kontzertuak ere izango dira. Larunbatean, abenduaren 15ean, 12:30etik 14:30era, 42 musikarik kontzertuak emango dituzte hiriko 15 toki desberdinetan; hartara, erosketak eta merkataritza dinamizatuko dituzte.

Bilboko eta Bizkaiko hainbat talde izango dira taula gainean: The Swallows, Radio Cober, Lee Perk, Los Buitres, Gorka Naste, My Bastard Friend, Lee Junior, Confluence, La Mara, High Felicity, Dani Merino, Peri, Baster Band, Jaimones eta Elsa Jazz.

Kultura gehiago

Udal programazio hori beste erakunde pribatu batzuek eta Udalaren beraren beste sozietate batzuek antolatzen dituzten dozenaka jarduerekin osatuko da. Hala nola, Arriaga Antzokiko programazioa, Azkuna Zentroarena edota BilbaoMusikarena.

Olentzero eta Errege Magoak

Gabonetako udal egitarauan lehentasuna dute Errege Magoek eta Olentzerok. Hain zuzen, laster Bilbora egingo duten bisita prestatzen ari dira.

Olentzero izango da heltzen lehena. Baserritik abenduaren 23an (igandea) jaitsiko da, arratsaldez. Ikazkin ezaguna Bilboko kaleetatik ibiliko da 17:30etik aurrera. Carlton Hoteletik Arriaga Antzokiraino joango da kalejiran. Biharamunean, antzoki horretan, 11:00etatik aurrera, hiribilduko ume guztiek bisita egin ahalko diote.

ERREGE-KABALGATA 2018 CABALGATA DE REYES EFE BILBO

2017ko Errege Magoen desfilea. Argazkia: EFE

Urte berriak Errege Magoen desfilea ekarriko du Bilbora. Urtarrilaren 5ean, kabalkada egingo dute, kolorez, soinuz eta animazioz betetako zalgurdiek lagunduta.

Haurrentzako eta gazteentzako jarduerak

Gabonetara begira, aisialdi programa zabala prestatu du Bilboko Udalak 17 urtetik beherakoentzat. Kirol, musika, robotika, sukaldaritza, moda eta bideo-joko tailerrak dira etxeko txikienei zuzendutako jardueretako batzuk, betiere, gazteak entretenitze eta hezte aldera.

Gabonetan euskaraz

Euskararen erabilera bultatzeko asmoarekin, "B-Tuber-izan, euskal YouTuber" tailerra abiatuko dute, Azkue Fundazioarekin elkarlanean. Parte hartzaileek bideoak euskaraz sortu, editatu eta zabaldu beharko dituzte, Youtube sare soziala erabilita.

57 Gabonetako zuhaitz

Auzo guztiek Gabonetako zuhaitza izango dute. Guztira, 57 zuhaitz jarri dituzte: horietatik 16 artifizialak dira, eta gainerakoak hirian bertan urte osoan zehar dauden zuhaitzak dira.

GABONETAKO ZUHAITZA, BILBO. ARGAZKIA: ORHI ZEBERIO

Argazkia: Orhi Zeberio

Ordutegi aldaketak, ostalaritzan

Ia bi ordu geroago ixteko baimena izango dute ostalaritza lokalek, abenduaren 14tik urtarrilaren 6ra, "eguneko" establezimenduek eta terrazek salbu