Itxi

Herriak eta Hiriak

Gabon zahar gaua

Urtezahar gauean material piroteknikoa zentzuz erabiltzeko eskatu du Donostiak

EiTB.EUS

Martin Ibabe Herri Segurtasunerako eta Babes Zibilerako zinegotziak gogorarazi du debekatuta dagoela bide publikoan petardoak, suziriak eta bengalak erabiltzea.

  • Urtezahar gauean material piroteknikoa zentzuz erabiltzeko eskatu du Donostiak

    Su artifizialak Donostiako Aste Nagusian. EFEren artxiboko irudia

Material piroteknikoak (bengalak, petardoak eta antzekoak) Gabon-zahar gauean eragin ditzakeen arriskuez eta kalteez ohartarazi ditu herritarrak Donostiako Udaltzaingoak, eta horien erabilera desegokiari buruzko informazioa eman die.

Izan ere, azken egunotan neurri bereziak hartu dituzte pirotekniaren erabilera kontrolatzeko. Gainera, mota horretako tresnak ilegalki saltzen dituzten saltokiak zaintzen dabiltza agenteak.

Ildo horretan, Martin Ibabe Herri Segurtasunerako eta Babes Zibilerako zinegotziak urteko azken gauean "zentzuz jokatzeko" eskatu die donostiarrei, petardoak eta suziriak behar ez bezala erabiltzeak ezbeharrak eragin ditzakeelako. Halaber, bide publikoan material piroteknikoaren erabilera debekatuta dagoela gogorarazi du.

Ibabek nabarmendu duenez, pirotekniaren erabilera debekatuta badago ere, badira petardoak, bengalak eta suziriak saltzeko baimena duten dendak.

Horregatik, azpimarratu du "material piroteknikoa daramaten adin txikikoek zigorrak jasoko dituztela, pertsona heldu batekin ez badoaz. Adin nagusikoen artean ere gauza bera gertatuko da materialak arriskua eragin dezakeen kasuetan.

Gauzak horrela, bide publikotik aldentzeko eskatu die Ibabek piroteknia erabiltzeko asmoa dutenei, baita petardoak etxebizitzen aurka ez botatzeko ere. Bukatzeko, mendi edo baso inguruetatik urruntzeko ere galdegin die.