Itxi

Herriak eta Hiriak

Desfilea

Errege Magoak larunbat goizean iritsiko dira Donostiako Miramar Jauregira

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

11:00etatik aurrera, auzorik auzo ibiliko dira kabrioletean. Arratsaldeko desfilea, berriz, 18:00etan abiatuko da Boulevardetik, eta iluntzean hainbat ospitale bisitatuko dituzte.

  • 2018ko Donostiako Kabalgata

    2018ko Donostiako Kabalgata. EFEren artxiboko irudia

Errege Magoak larunbat goizean helduko dira Donostiako Miramar Jauregira, eta arratsaldeko desfilean 2.500 kilo gozoki banatuko dituzte ume donostiarren artean. Gozoki horiek zeliakoentzat bereziak izango dira. Gainera, diabetesa duten haurrentzat ere 10 kilo gozoki gordeko dituzte udaletxeko harreran.

Esan bezala, 11:00etan iritsiko dira Errege Magoak Gipuzkoako hiriburua. Ordu horretan Miramar Jauregia bisitatuko dute, eta ondoren auzorik auzo ibiliko dira kabrioletean.

Aurreikusitakoaren arabera, Antiguo, Egia, Intxaurrondo eta Sagastieder izango dira lehenengo helburuak. 12:30ean Joan XXIII.aren kalera gerturatu eta 13:00ean Martutenera sartuko dira. Ordu erdi geroago, Loiolatik pasatuko dira jarraian Amarako Irun plazara zuzentzeko (13:45ean helduko dira bertara).

15:30 eta 17:30 bitartean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan egingo diete harrera haurrei, Donostia Kulturak jakitera eman duenez.

Kabalgata, berriz, 18:00etan abiatuko da Boulevardetik. Hernani, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza, Legazpi eta Boulevard ingurua harrapatuko ditu geroago.

Errege Magoek ez ezik, trikitilariek, txarangek, bonbo-joleek, tren eta autobus turistikoek, Ddbus autobusak eta pajeek ere parte hartuko dute desfilean, hainbat animalia talde lagun dituztela.

Kabalgata dela eta, Donostia erdigunean trafiko aldaketak egongo dira, eta autobusak ere ezohiko lekuetan geldituko dira.

19:00ak aldera, herritarrak agurtu eta Donostiako ospitaleetara joango dira Errege Magoak.