Itxi

Herriak eta Hiriak

Monumentuak

Sanjurjo Iruñeko Eroritakoen Monumentuko hobitik atera izana babestu du epaile batek

Agentziak | Erredakzioa

Iruñeko Udalak Eroritakoen Monumentuaren kriptaren itxiera agindu zuen eta, beteak beste, Sanjurjo jeneralaren gorpuzkiak hilobitik atera behar izan zituzten.

  • Iruñeko Eroritakoen kripta

    Iruñeko Eroritakoen kripta. Argazkia: EFE

Hasierako epai batek familiaren alde egin bazuen ere, Nafarroako Auzitegi Nagusiak Iruñeko Udalaren errekurtsoa baietsi eta Jose Sanjurjo militarraren gorpuzkiak Iruñeko Eroritakoen Monumentuko hobitik ateratzeko erabakia babestu du.

Joseba Asiron alkateak gaur prentsaurrekoan jakitera eman duenez, Auzitegi Nagusiak Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 2. zenbakiko Epaitegiak uztailean emandako epaia baliogabetu du, eta Udalak agindu bezala, Eroritakoen Monumentuaren kriptaren itxiera babestu du.

Itxiera horrek gorpuzkiak hilobitik ateratzeko beharra ekarri zuen; besteak beste, Sanjurjo jeneralarenak.

Lehen auzialdiko epaileak ez bezala, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien salaren ustez, Iruñeko Udala ehorzketarako lekuak ixteko "eskuduna" da, araudiaren arabera.

Era berean, epaitutako auzian Iruñeko eta Tuterako artzapezpiku-barrutiek "gorpuzkiak hilobitik ateratzeko baimen zehatza" eman zutela azaldu du Auzitegiak.

Bestalde, Udalak hartutako erabakiak Memoria historikoaren legea urratzen ez duela azpimarratu du Auzitegiak, kriptak erabilera pribatua baitauka eta ez dago publikoari zabalik; gainera, frankismoaren ikur guztiak kriptatik kendu zituztela eta ez duela jatorriz aurkezten zuen gorespen elementuetako bat ere mantentzen esan du Auzitegiak.