Itxi

Herriak eta Hiriak

Eguraldia

Bilbok neurri bereziak hartuko ditu, euriagatik ezarritako alerta laranja dela eta

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ibaibideetatik gertu ibilgailurik ez aparkatzeko, aldamioetatik urruntzeko, leihoetan ezer ez uzteko eta errepideetan joan-etorriak saihesteko eskatu die Udalak bizilagunei.

  • Bilbok neurri bereziak hartuko ditu, euriagatik ezarritako alerta laranja dela eta

    Bilbo. Argazkia: Victor Guerra

Bilboko Udalak neurri bereziak hartuko ditu, euriagatik ezarritako alerta laranja dela eta. Horrekin, uholdeak saihestu eta euriteek eragin ditzaketen kalteei aurre egin nahi dio, gaur goizaldetik hasi eta ostegunera arte.

Ohar baten bidez, besteak beste, ibaibideetatik gertu ibilgailurik ez aparkatzeko, aldamioetatik urruntzeko, leihoetan ezer ez uzteko eta errepideetan joan-etorriak saihesteko eskatu die Udalak bizilagunei.

Bestalde, behar izatekotan, Olabeagan, Deustuko Erriberan, Zorrotzaurreibarran, Elorrietan eta Alde Zaharrean lur-zakuak metatuko ditu Udalak. Izan ere, gauerditik hasi eta ostegunera arte, euri-jasa handiak izango dira Bizkaiko hiriburuan. Litekeena da metro karratuko 80 litro ur pilatzea.

Gainera, haize-bolada handiak iragarri dituzte: orduko 80 kilometrora hel daitezkeen ufadak, hain zuzen ere. Mendialdean, orduko 100 kilometrora iritsi daitezke haize-kolpeak.

Getxon ere, Imanol Landa alkateak Babes Zibileko Plana aktibatzea eta neurri bereziak hartzea proposatu du, alerta laranjari erantzuteko. Euriagatik ez ezik, olatuengatik ere ezarriko dute alerta laranja bihartik aurrera.

Hori dela eta, Gobela ingurua zainduko du Udalak, eta beharrezkoa den kasuetan SMS mezua bidaliko die dendariei eta ostalariei, arriskuen berri emateko. Bereziki, Kirol Portuan, Ereaga Hondartzan eta Portu Zaharrean hartuko dituzte neurri horiek.

Halaber, Udalak gogorarazi du alerta indarrean dagoen bitartean debekatuta egongo dela hondartzetara hurbiltzea.