Itxi

Herriak eta Hiriak

GIPUZKOA

Donostiako noria kentzeko lanak gelditu dituzte, segurtasun gabeziak tarteko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bertatik pasatzen ari zen suhiltzaile batek ohartarazi zuen Ertzaintza.

  • Noria, Donostiako Alderdi Ederren

    Noria, Donostiako Alderdi Ederren. Argazkia: EFE

Donostian, Alderdi Ederren Gabonetarako jarritako noria kentzeko lanak etenda daude atzotik, segurtasun neurrietan eta langileen kontratazioan atzemandako gabezien ondorioz.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, noriaren ondotik pasatu zen suhiltzaile batek eman zuen abisua, desmuntatzeko lanak segurtasun neurriak bete gabe egiten ari zirela ohartaraziz.

Alderdi Ederrera bertaratutako Ertzaintzaren patruila batek segurtasun perimetroa ezarri eta noria zigilatu zuen, arrisku egoerak saihesteko. Horrez gain, Ertzaintzak jakinaren gainean jarri zituen Donostiako Udala eta Osalan.

Gaur bilera egingo dute Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak eta noriaren arduradunek, konponbide bat aurkitzeko.