Itxi

Herriak eta Hiriak

Zaborra

Gasteizko kaleak garbitzeko zerbitzuaren kontratu berriaren lehiaketa onartu dute

eitb.eus

"Zerbitzuaren kalitatea hobetzea ahalbidetuko du, eta birziklatze-tasa handitzea", Udalak azaldu duenez.

  • Gasteizko kaleak garbitzeko zerbitzuaren kontratu berriaren lehiaketa onartu dute

    EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Urtaranen Gobernuak kaleak garbitzeko eta hiri-hondakinak garraiatzeko zerbitzurako kontratu berriaren lehiaketa onetsi du gaur goizean. Tokiko Gobernu Batzarrak onartu dituen baldintza-agirien arabera, lau urte iraungo du kontratuak (urtebetez luzatzeko aukerarekin bi aldeek adostuz gero), eta horrek "zerbitzuaren kalitatea hobetzea ahalbidetuko du, eta birziklatze-tasa handitzea", Udalak jakitera eman duenez.

"Horretarako, askotariko hobekuntzak sartzea erabaki dugu. Enpresa esleipendunak ibilgailu eta edukiontzi berriak jarri beharko ditu zerbitzua emateko; asteburuetan areagotu egingo du zerbitzua; edukiontzietan txipak instalatuko ditu, birziklatzen duten pertsonak identifikatu eta epe ertainera zergetan saritzea ahalbidetuko duena, eta beste", azaldu du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak.

Gasteizko alkateak esan duenez, "hiriak distira egingo du. Lehengo eta behin, garbiketa hobea izango delako. Bigarren, birziklatze-indizea hobetuko dugulako, eta European Green Capital garen aldetik eredu ematen jarraituko dugulako".

Kontaktu berria bi multzotan banatuko da. Lehenengoa, hiri-garbiketa publikoari eta hiri-hondakinen bilketa eta garraioari dagokiona, urtean 26.854.034,49 euroko prezioan (BEZa barne) lizitatuko da.

Urtaran: "Hiriak distira egingo du"

Bigarrenak, bio-hondakinen kudeaketari eta konpostatzeari dagokionak, 51.581,25 euroko aurrekontua du, BEZa barne.

"Azken lau ekitaldietan, Urtaranen gobernuak aurreko agintaldian esleitutako kontratua kudeatu behar izan du; oso gatazkatsua gertatu da kudeaketa hori, plantillaren eta enpresaren arteko ezadostasunen eraginez. Ezadostasun horiek 20 urte lehenagotik datoz. Horren guztiaren ondorioz, hobetu beharreko zerbitzua da. Hain zuzen ere, udal gobernuak amaiera eman nahi dio egoerari", azaldu du Udalak.

Beste zerbitzu batzuk, hala nola hustubideak garbitzea, tresnak eta tamaina handiko gauzak biltzea, txorkoak garbitzea eta iturri apaingarriak garbitzea, kontratutik kanpo geratuko dira, eta datozen asteetan aterako dira lizitaziora.