Ekonomia -

Lan-gatazka

Garbiketa eta zabor-bilketa zerbitzuko langileen greba bertan behera, Gasteizen

Langileen batzordeak hartutako erabakia izan da, baina langileek izango dute azken hitza, bihar egitekoa duten batzarrean. Greba Azkena Rock Festival jaialdiaren egunetan egingo lukete.

EiTBren bideo batetik hartutako irudia
Garbiketa Greba Gasteizen
EiTBren bideo batetik hartutako irudia

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko kaleetako garbiketa eta zabor-bilketa zerbitzua egiten duen Aldi Baterako Enpresa-Elkarteko (ABEE) langileen batzordeak bertan behera utzi du bart hastekoa zen greba, baina langileek izango dute azken hitza ostegunean egingo duten batzarrean.

Atzo arratsaldean bilera izan zuten FCC-GMSM enpresek osatutako ABEEak eta Gasteizko Udalak, grebara ez jotzeko, Azkena Rock Festival jaialdiaren egunetan egingo baitzuten. Jaialdiak 30.000 pertsona baino gehiago erakartzen ditu urtero.

Juan Carlos Mateos batzordeko presidenteak Eferi azaldu dioenez, greba bertan behera uzteko erabakia Udal gobernuaren "konpromisoagatik" hartu dute, hau da, "egungo kontratuari egun gutxi falta zaizkiola" eta Udalak kontratua indargabetzeko prozesua hasi duela.

Horrela, bart greba egiteko asmoa zuten langileek normaltasunez egin dute lan, baina greba deialdiaren gaineko behin betiko erabakia langileek hartuko dute ostegunean.

Mateosek ohartarazi duenez, Udal gobernuak hartutako konpromisoak beteko ez balitu, uda osterako deituta dagoen greba egingo lukete, hain zuzen, irailaren 10etik aurrera.

Udalak "bitartekari lanak egin ditu bi aldeen artean azken momentura arte", eta positibotzat jo du langileen batzordeak hartutako erabakia. Era berean, penagarria da "EBEEak greba bertan behera uzteko agertu duen interes falta, zitala izan zitekeen", Udalaren esanetan.

Lan gatazka iaz sortu zen, hainbat langile kaleratu zituztenean eta lan baldintzak hobetzea errefusatu zutenean. Horrezkero, langileen batzordeak grebarako deialdia egin zuen, baina azkenik ez zuten egin, Udalak esku hartu zuelako.

Halere, langileen iritzian, enpresak ez du adostutakoa bete, hortaz, ekaina hasieran 20 eta 26 bitartean greba egiteko deialdia luzatu zuten. Greba mugagabea bihurtuko litzateke irailaren 10etik aurrera, lehenago itun bat lortu ezean. Azkenik, bi deialdi horietako lehenengoa bertan behera geratu da oraingoan.

Martxoan, FCC eta GMSM enpresek uko egin zioten hiriaren garbiketa zerbitzua eskaintzeari, enpresak Udalari eskatutako igoera Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak errefusatu ostean.

Udal gobernuak (EAJ-PSE) esleipen berria prestatzen ari zen, baina oposizioko talde batzuk, esaerako, EH Bildu, Podemos eta Irabazi zerbitzua Udaleko langileen esku uztearen aldekoak dira, Udaleko Osoko Bilkuraren Idazkaritza Nagusiak egindako txosten juridikoak dioen bezalaxe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Araba Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Albisteak Lan gatazkak