Herriak eta Hiriak
Bilbao Shopping Night
Ostalaritza eta merkataritza lokal ugari batu dira 'Bilbao Shopping Night' ekimenera
Agentziak | Erredakzioa
Ekimenaren helburua jendea hiriko dendetan erostera bultzatzea da.
-
Gizon bat eta emakume bat erosketak egiten. ETBren bideo batetik ateratako irudia.
Ostalaritza eta merkataritza lokal ugarik hartuko dute parte ostiralean ‘Bilbao Shopping Night’ gauean. Herritarrek promozio ugari izango dituzte aukeran, eta musikari, antzerkiari edota balletari lotutako ekintzak ere izango dira.
BilbaoCentro elkarteak astearte honetan aurkeztu du ‘Bilbao Shopping Night’ edizio berrirako diseinatutako proiektua. Helburua jendea hiriko dendetan erostera bultzatzea da “aukera aniztasunagatik, kalitateagatik eta gizarte erantzukizunagatik”.
Ekimeneko arduradunek adierazi dutenez, edizio hau udaberri-uda kanpaina aurkeztearekin batera egingo dute, “saltokientzat oso garrantzitsua den denboraldia”. Goizeko hamaiketatik “itxierara arte”, beherapenak, promozioak eta mota guztietako jarduerak izango dira aukeran.
Kontzertuak ere izango dira Ertzilla kalean eta Jado Plazan, Maider Legarretaren, Javier Alzolaren eta Tucson bertsioak egiten dituen bertoko taldearen eskutik. Horrez gain, pailazoak ere egongo dira txikienentzat, eta baita “aurpegi margotzaileak”, globoflexia eta tailerrak ere. Teresa González Ardanazen ballet klasikoak, erakusketek eta zuzeneko irratiak osatuko dute programa.
Saltokietan, desfileak, koktelak, zozketak eta DJak, promozioak, beherapenak eta dastatzeak egongo dira. Bilboko Luckia Kasinoan emango zaio amaiera jaiari, kontzertu batekin. Ekintza horiei BilbaoCentroko bazkideek antolatutakoak gehituko zaizkie.