Itxi

Herriak eta Hiriak

Gipuzkoa

Hasi da Gipuzkoako hondartza denboraldia, bideozaintza sistema baten berritasunarekin

Agentziak | Erredakzioa

Gipuzkoako kostalde osoan egongo da sistema. Salbamendu zerbitzuei euskarri emateaz gain, hondartzetan dagoen jendearen dentsitateari eta itsaslasterrei buruzko informazioa eskainiko du.

  • Zumaia.

    Zumaia. Argazkia: Luis Mari Alkorta.

2019ko hondartza denboraldiari hasiera eman dio Gipuzkoak. Lehenengo aldiz, kostalde osoan egongo den bideozaintza sistema bat izango du lurraldeak, eta itsasoan dagoen plastikoari eta azaleko minbiziaren prebentzioari buruzko kanpainak egingo dira.

Jose Ignacio Asensio jarduneko Ingurugiro diputatuak ireki du hondartzen sasoi berria, Zumaiako flyschean, Oier Korta alkatearekin batera. Asensiok nabarmendu duenez, kutsaduraren kontra borrokatzea eta pertsonen osasuna eta segurtasuna zaintzea "hondartzen erabilera jasangarriaren oinarriak" dira.

Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiak itsasertzeko bideometria sarea osatu du. Sistemak erabiltzaileen dentsitatearen inguruko informazioa eskaintzen du eta hondartzetara egunero joaten direnen datua kalkulatzen du. Itsaslasterren mapak ere egiten ditu, eta klima aldaketaren eragina ezagutzeko datuak ematen ditu.

Asensiok azaldu duenez, hondakinak modu egokian biltzeak duen garrantzian oinarritzen diren umeentzako eta helduentzako tailerrak burutuko dituzte, plastikoak gure itsasoan sortzen duen arazoa ardatz hartuta.

Informazio leku mugikor baten bitartez burutuko da kanpaina, aurreko urte batzuetan bezala, eta Gipuzkoako hondartza guztietara iritsiko da datozen asteetan. Life LEMA itsaseko zaborraren bilketaren inguruko informazioa emango da.