Itxi

Herriak eta Hiriak

San Joan gaua

15 su piztuko dituzte Bilbon San Joan gauean

Eitb.eus

Bilbo Zaharrean, txikienentzako jokoak, kalejira, txokolatada eta erromeria egongo dira.

  • San Joan sua

    San Joan sua. Irudia: ETB

Bilboko Udalak San Joan gauerako 15 su pizteko baimena eman du, eta arriskuak saihesteko arretaz ibiltzea gomendatu die herritarrei.

Gogorarazi duenez, suak pizteko ezinbestekoa izango da Espazio Publikoa Erabiltzeko Udal Bulegoaren aldez aurreko baimena izatea. Aurten sua pizteko 15 baimen eman dituzte, hiriko barruti guztietan bat izateko: Deustun, Erriberan, Ibarrekolandan, Matikon, Zurbaranbarrin Etxebarria parkean, Santutxun, Otxarkoagan, Abusun, San Adrianen, Iralan, Olabeagan, Zorrotzan, Masustegin eta Iturrigorri-Peñaskalen.

Hauek dira baimena eskuratu duten suak:

1. Berrizko ibarbidea (Deustu)

2. Eugenio Olabarrieta plaza, San Pablo elizaren atzeko aldean (Deustuibarra)

3. Santa Maria Josefa Sancho de Guerra plaza (Ibarrekolanda-Sarriko)

4. Uzturre plaza (Matiko)

5. Iturriondo plaza (Zurbaranbarri)

6. Ugarte plaza (Otxarkoaga)

7. Etxebarria parkea

8. Karmelo plaza (Santutxu)

9. Ibaieder parkea (Abusu)

10. Floresta parkea (San Adrian)

11. Eskurtze parkea (Irala)

12. Vaguada plaza (Iturrigorri–Peñascal)

13. Zirgarien kaia (Olabeaga)

14. Azoka parkea (Zorrotza)

15. Masustegi estrata, futbol-zelaiaren atzealdean

Bilbo Zaharrean, surik egingo ez den arren, zenbait ekintza antolatu dituzte: erromeria, kalejira eta txokolate-jana.


Segurtasun neurriak

Bilboko Udalak ezbeharrak saihesteko neurriak hartzeko beharra azpimarratu du, eta sua pizteko likido sukoi edo lehergaiak erabiltzea debekatu du.

Halaber, erretzeko pilatutako materialak 3 metrotik gora ez hartzea gomendatu dute, eta eraikin eta linea elektrikoetatik gutxienez 15 metroko segurtasun tartea eta jendea ibiliko den tokitik 4koa uztea.

Gainera, debekatu egin dute sua urbanizatuta dagoen lurzoruaren gainean egitea, eta, haizea gogor badabil, sua amatatzea gomendatu dute.

Festa amaitutakoan, sua erabat itzalita dagoela ziurtatu beharko da.