Herriak eta Hiriak
Sutea
Sutea piztu da Donostiako Alde Zaharrean, eta ke zutabe handia eragin du
Agentziak | erredakzioa
Hiriburuko leku askotatik ikusi ahal izan da kea. Fermin Kalbeton kaleko etxebizitza batean, taberna batean eta Portu kaleko beste pisu batean kalteak daude. Ez da inor zauritu.
Sutea piztu da gaur eguerdian Donostiako Alde Zaharreko etxebizitza batean. Garrek ke zutabe handia eragin dute, eta hiriburuko leku askotatik ikusi ahal izan da. Ikusgarritasuna gorabehera, kalte txikiak baino ez ditu eragin, eta ez da inor zauritu.
Donostiako Udaleko iturriek zehaztu dutenez, Fermin Kalbeton kaleko 40. zenbakiko lehen pisuan piztu dira garrak, argitu gabeko arrazoiak tarteko. Etxebizitza horretako bizilagunak eta inguruko taberna eta ile-apaindegi batean zegoen jendea atera dituzte. Zorionez, ez da inor zauritu.
Suhiltzaileak arin bertaratu dira Alde Zaharrean bertan baitzeuden beste lan batzuk egiten. Garrak Portu kaleko 7. zenbakiko beste etxebizitza batera igaro dira, patioan barrena. Dena dela, 13:15erako sutea amatatuta zeukaten suhiltzaileek, eta ingurua aireztatzen ari ziren.
Suhiltzaileak ez ezik, Donostiako Udaltzaingoa, Ertzaintza eta anbulantzia ere joan dira gertakariaren lekura.
Iturrion arabera, suteak "kalte material txikiak" egin ditu Fermin Kalbeton kaleko etxebizitza horretan, kale bereko taberna batean eta Portu kaleko beste etxebizitza batean. Dena den, kea desagertu behar da kalteak zenbaterainokoak diren zehazteko.
Badaezpada, inguruko kaleak itxi ditu Udaltzaingoak, eta ezin da sartu kale Nagusitik zein San Jeronimo kaletik.