Itxi

Herriak eta Hiriak

Baiona

Leon Erregeak emango die hasiera Baionako bestei asteazken honetan

EITB.EUS

ETBk eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute jaien hasiera, 'streaming' bidez.

  • Leon Erregea, balkoian

    Leon Erregea, balkoian. Argazkia: EiTB

Baionako 2019ko bestak uztailaren 24tik 28ra bitartean ospatuko dira. Urtero legez, Leon Erregea balkoira irtengo da, eta, hiru auzoetako giltzak jaurtiz, hasiera emango die bost gau eta lau egun iraungo dituzten bestei.

ETBk eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute Baionako jaien hasiera, streaming bidez, 21:00etatik.

Bigarren urtez jarraian, jaietara hurbiltzen den jende kopurua ikusita, Baionako Udalak tasa bat ezartzea erabaki du ostiraletik igandera bitartean. Baionako bisitariek zortzi euroko tasa ordaindu beharko dute (iazko tasa berdina). Dirua jaietako segurtasun neurriak hobetzeko eta ekintza kulturaletarako erabiliko da.

Berritasun bezala, hormigoizko blokeez gain, 'ibilgailu hiltzaileen aurkako dispositiboa' deitutako sistema berria erabiliko dute segurtasunerako. Sistema horri esker, ibilgailuak ezingo dira jai eremuan sartu. Aurten ere, segurtasuna oinarrizko helburua dela azpimarratu du herriko alkateak.

Sexu-erasoen aurkako kanpaina bat ere jarriko dute martxan.

Buruhandiak, berriz bueltan

Beste berritasun bat Baiona eta Iruñearen arteko 'Euskal Hercules' probak izango dira. Proba horietan zortzi herri-kirol modalitate desberdinez gozatzeko aukera izango dute; txinga-eroatea eta harri-jasotzea, besteak beste. Era berean, mota guztietako ekintzetan, desfileetan eta kontzertuetan parte hartu ahalko da.

Azkenik, Baionako erraldoiekin batera desfilatuko duten buruhandi berriak aurkeztu dituzte. Buruhandi horiek Baionako besten ezinbesteko partaide izan dira 1932tik, baina urte asko daramatzate erabili gabe. Buruhandi berriek herriko Didier Deschamps futbol entrenatzailearen, Josette Erramun Merkatu ostatuaren jabearen, Jean Codega harakinaren eta Michou Padrones ilustratzailearen antza hartuko dute eta Baionako kaleetara irtengo dira tradizioa berreskuratzeko.