Itxi

Herriak eta Hiriak

Bilbo

San Mames estadioko kiroldegia ireki dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Kiroldegiak 4.838 metro karratu ditu eta 600 lagun hartzeko tokia dauka. Bilboko igerileku estalirik handiena eta beste hainbat sala izango dituzte eskura herritarrek.

1:59
Bilboko igerileku estalirik handiena. Argazkia: EiTB

San Mames estadioko kiroldegi publikoa ostiral honetan ireki dute. Bilboko Udalak sei milioi euro erabili ditu kiroldegiaren eraikuntzan eta obrak ia bi urtez luzatu dira.

Kiroldegiak 4.838 metro karratu ditu eta aldi berean 598 lagun hartzeko tokia dauka. Bilboko igerileku estalirik handiena eta kirola egiteko teknologia berriena eskaintzen duten bi sala izango dituzte eskura herritarrek, besteak beste.

Egunero egongo da zabalik: lanegunetan, larunbatetan, igandeetan nahiz jaiegunetan. Alabaina, San Mamesen futbol partida dagoenean kiroldegia itxita izango da, segurtasun arrazoiak tarteko.

Kiroldegia eguerdian inauguratu dute eta bertan izan da Juan Mari Aburto Bilboko alkatea. Bizilagunek "aspalditik esperotako azpiegitura" dela azpimarratu du.

Obrak 2017ko abenduan hasi zituzten, baina kiroldegia eraikitzeko prozesua 2011n abiarazi zuten, San Mames estadioko espazio hori Bilboko Udalaren esku utzita.

Kiroldegia eta han eskainiko diren zerbitzuak ezagutzera emateko asmoz, sarrera doanekoa izango da gaurtik eta uztailaren 31 bitartean eta iraileko bigarren astean.

Bestalde, Bizkaiko igerilekuetako eta kiroldegietako langileen mobilizazioekin jarraitzen dute lan-baldintza duinak eskatuz. Gaurkoan San Mamesen egin dute elkarretaratzea, kiroldegiaren inaugurazioa baliatuta.

(Kiroldegietako langileen protesta San Mamesen. Argazkia: EFE)