Itxi

Herriak eta Hiriak

DONOSTIAKO JAIAK

Realeko emakumeek botako dute Donostiako Aste Nagusiko kanoikada

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Aurten, nobedade gisa, noria-begiratoki bat, Alderdi Ederren; bigarren eskuko azoka txiki bat, Kursaalen; eta Indiako Holi festa tradizional bat eskainiko dituzte Donostiako jaietan, besteak beste.

  • 2019ko Donostiako Aste Nagusiko egitarauaren aurkezpena.

    2019ko Donostiako Aste Nagusiko egitarauaren aurkezpena. Argazkia: Donostiako Udala.

Donostiako Aste Nagusia abuztuaren 10ean hasiko da, Realeko futbol eta hockey taldeetako jokalariek kanoikada botata. Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura zinegotziak eman du horren berri, Maider Altuna hockey jokalaria eta Nahikari Garcia eta Nuria Mendoza futbol jokalariak ondoan zituela, eta jaien egitaraua aurkeztu du.

Insaustiren esanetan, “hiriko enbaxadore” horiek aurtengo denboraldian eskuratutako “garaipen eta arrakasta handia” ospatuko dute.

Aste nagusiaz “errespetuz, elkarrekin eta aske” gozatu behar dela azpimarratu du Insaustik, eta Realeko jokalariek bat egin dute adierazpen horrekin.

Ekitaldiaren ostean, Aste Nagusian “jokoz kanpo” dauden jokabide guztiei “gol bat” sartzeko gonbidapena egin die zinegotziak bertan zeudenei. Horrela, Eneko Goia Donostiako alkateak duela bi aste aurkeztutako ‘Baietzik gabe Ezetza da!’ kanpaina gogoratu du.

Aste Nagusiko egitaraua

Donostiako Aste Nagusian, abuztuaren 10etik 17ra, besteak beste ekitaldi hauek lehengo aldiz eskainiko dituzte: Indiako Holi festa bat Boulevarden, abuztuaren 10ean; gaueko kontzertu bat Tostaren eskutik Konstituzio plazan, abuztuaren 14an; eta bigarren eskuko produktuen azoka Kursaaleko terrazetan, hilaren 15ean.

Bestetik, noria-behatoki bat egongo da Alderdi Ederren, abuztuaren 1etik irailaren 8ra. Bidaiaren prezioa 4,50 eurokoa izango da, astelehenean izan ezik, egun horretan 2,50 euro balioko baitu.

Kontxako Pasealekuan, emakume artisten Arte Nagusia erakusketa ikusi ahalko da aste osoan zehar.

Aurtengo Su Artifizialen 56. Nazioarteko Lehiaketan, zortzi konpainia piroteknikok girotuko dituzte Aste Nagusiko gauak.

Horrez gain, txistularien alarde tradizionala, erraldoiak eta buruhandiak, Saguesko kontzertuak, zezensuzkoa eta su artifizialak eskainiko dituzte Donostiako Aste Nagusian.

“Kutsadura murrizteko ekitaldiak” ere egingo dituzte hainbat ekimen iraunkorren bidez: berriro erabiltzeko edalontziak erabiltzea bultzatuko dute, itsas hondoa garbituko dute eta iturri berriztagarrien bidez lortutako energia erabiliko dute.

Saguesko kontzertuak

Carlos Tarque M Clan taldeko abeslaria izango da Saguesen arituko duen lehen artista, abuztuaren 10ean. Hurrengo egunetan, hainbat musikari eta talde arituko dira: Esne Beltza eta Huntza euskal taldeak, abuztuaren 11n; Hombres G Espainiako pop talde mitikoa, abuztuaren 12an; Lola Indigo 'Operación Triunfo' saioko parte-hartzailea, abuztuaren 13an; Sole Gimenez Presuntos Implicados taldearen abeslari ohia, abuztuaren 14an; Donostian bizi den Alex Ubago abeslaria, abuztuaren 15ean; eta Bebe Valentziako abeslaria, abuztuaren 16an. Azkenik, Macacok emango du azken kontzertua, abuztuaren 17an.