Herriak eta Hiriak
DONOSTIAKO JAIAK
Donostiako Piratek Aste Nagusian egingo dituzten ekitaldien egitaraua aurkeztu dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
‘Donostia abordatuko dugu!’ piraten abordatzea abuztuaren 12an izango da. Egun horretan egingo den bazkariko tiketak salgai daude jada.
-
2019ko Aste Nagusiko Donostiako Piraten egitaraua. Argazkia: Donostiako Piratak.
Abuztuaren 10etik 18ra Aste Nagusian egingo dituzten ekimenak aurkeztu dituzte Donostiako Piratek. Egitaraua aurreko urtekoen antzekoa da. Egunean zehar, bazkariak, txarangak, ekintzak eta jolasak eskainiko dituzte; gauez, aldiz, musika ekitaldiak.
Hiru musika ekitaldi mota egingo dute gauero, kontzertuak, DJak eta Trinitate enparantzako afari musikatuak. Flaca, Alvva eta Brava punta-puntako disko-jartzaileak elkarrekin arituko dira oholtza gainean, elkarlanean, lehen aldiz. Kontzertuetan, musika estilo ugari eskainiko dituzte: rock, rap eta ska soinuak, besteak beste.
Abuztuaren 12an, ‘Donostia abordatuko dugu!’ ekitaldia egingo dute. Abordatzean parte hartzeko, piraten webgunean izena eman behar da. Urtero bezala, bazkari herrikoia eskainiko dute, eta horretara joateko tiketak salgai daude jada. Aurten, gainera, baltsa politena sarituko dute.
Aurtengo nobedade nagusietako bat ‘Karramarro Uhartea’ irratsaioa da. Bertan, Piraten Aste Nagusiko nondik norakoak kontatuko dituzte, eta podcast moduan igoko dute sare sozialetara.
Bestetik, abuztuaren 14an, Kofradien eguna izango da. Egun osoan zehar, kofradietako piratak Flamenkan bilduko dira eta zenbait ekitaldi izango dituzte: bazkaria eta jolasak, besteak beste.
Donostiako Piratak osatzen dituzten kofradia guztiek egitarau propioa izango dute. Horiek hiriko hainbat auzo eta gunetara jai giroa eramango dute, piraten esanetan, eta guztien artean Donostia osoa abordatuko dute.
Piraten aurtengo leloa
“Kortsarioen Donostian, izan pirata!” da Donostiako Piratek aurtengo Aste Nagusirako aukeratu duten leloa. Horren bidez, “kortsarioren aurka egin, zapi beltza jantzi eta pirata bilakatzeko deia” egin dute.
XVI. eta XIX. mendeen artean, Europako herrialde askotan ‘errepresalia gutunak’ edo ‘korso agiriak’ eman zizkieten kapitainei erregimenen mesedetan lapurretan ibiltzeko, haien izenean eta soldatapean. Batera edo bestera, “indarrean jarraitzen du”, eta hori salatu nahi dute aurten.
Donostiako Piraten esanetan, “arrazoi zehatzik eman gabe” Eusko Jaurlaritzatik erabaki dute Flamenka gunean kontzertu gehiagorik ez egitea. Horren ondorioz, oso epe laburrean jaigunea guztiz berrantolatzera behartu dituztela azaldu dute. “Donostiako Piratak kaitik kanpo nahi dituzte”, adierazi dute piratek.