Itxi

Sanferminak

Udaletxeko balkoian

Lehertu da jaia. Gora San Fermin!

Agentziak

Javier Aranegik eta Chantal Estradak bota dute txupinazoa. Aurten, hainbat hamarkadatan lehenengoz, ikurrina udaletxean egon da eskegita, beste banderen parean.

1:35

Jaia lehertu egin da 2015eko sanferminetan txupinazoa botatzearekin batera, bederatzi egunez etenik izango ez duen festari hasiera emanez Nafarroako hiriburuan. Aurtengo jaiek 450 ekitaldi baino gehiago eskainiko dituzte, eta gehienak musikarekin lotutakoak izango dira.

Gaurkoan, Iruñeko Orfeoiko eta Veleta peñako ordezkariek batera bota dute txupinazoa. Lehendabizikoek Orfeoia sortu zenetik 150 urte bete direlako, eta bigarrenek, berriz, sanferminetan horren ezaguna den janzkera zuri eta gorriaren sortzaileak izan zirelako. Iruñeko Orfeoiaren izenean, Javier Aranegi izan da balkoian, eta Veleta peñaren izenean, berriz, Chantal Estrada, Honorino Artetaren loba.

Aurten berritasun gisa, gaiteroak aritu dira Gaztelu Plazan txupinazoa jaurtitzeko ekitaldian. Gero, Alde Zaharrean ibili dira, musika-taldeekin batera, ohikoa den bezala.

Ikurrina Iruñeko udaletxean da 2015eko sanferminetako txupinazoa bota duten bitartean, eraikinean dauden gainerako banderen parean jarri baitute; Iruñeko, Nafarroako, Espainiako eta Europako banderen ondoan, alegia.

11:00etan jarri dute ikurrina udaletxeko balkoian. Joseba Asiron Iruñeko alkateak (EH Bildu) -maiatzaren 24ko hauteskundeen ostean izendatu zuten alkate- iragarri zuen ikurrina bertan egongo zela "batera zein bestera, legea errespetatuz, nahi edo ez".

Alkatea EH Bilduren zinegotziekin batera igo da udaletxeko balkoiaren ondoan dagoen aretora, eta, handik guztira, udaletxeko langileek ikurrina jarri dute mastan, gainerako banderekin batera.

Nafarroako Sinboloen Legeak soilik baimentzen du Iruñeko kasuan lau bandera jartzea; hiriburukoa, Nafarroakoa, Espainiakoa eta Europakoa.

Asironen esanetan, "oraintxe bertan udaletxeko hagetan eskegita dauden banderek gizartearen talde handiagoa ordezkatzen dute".

Joseba Asironek kazetariei azaldu dienez, "hiriko sentsibilitate politiko ia guztiak ordezkatuta daude", eta gaineratu du berak ez duela inolako banderarik soberan ikusten. "Bat falta zitzaidan -gaineratu du-, eta udaletxean ikurrina izatea aldaketaren sinbolo da".

Era berean, alkatearen arabera, gaur goizean harrera ofiziala egin diete EH Bilduko hiru legebiltzarkideri (Diana Urrea, Eva Blanco eta Rebeca Ubera) eta, azaldu duenez, Nafarroako Sinboloen Legearen arabera, "horien moduko agintariak datozenean bandera eskegi daiteke". "Protokoloa betetzeko, bandera jar daiteke", gaineratu du.

450 ekitaldi baino gehiago

Egitarauari dagokionez, 459 ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute Iruñean bildutakoek. Jarduera horietatik, % 71 musikarekin lotuta egongo dira. Kontzertuak Foruen Plazan egingo dituzte, eta zuzenean arituko diren taldeen artean nabarmentzekoa da The Wailers.

Beste 82 ekitaldi umeekin eta familiartean gozatzeko pentsatuta daude; erraldoi eta buruhandien agurra, esaterako, hilaren 14an, Udaletxe Plazan. Jarduera hori aurreko urteetan izandakoa baino interaktiboagoa izango da.

Gainera, bederatzi piroteknia lehiatuko dira Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketan, eta, guztien artean, 6,2 tona lehergai zeruratuko dituzte.

Bestalde, entzierroek ere bereziko garrantzia izango dute jaietan, ohikoa denez. Hilaren 7an, Jandillako ganadutegiko zezenak izango dira; hilaren 8an, Tajo-La Reina ganadutegikoak; hilaren 9an, Victoriano del Rio etxekoak; hilaren 10ean, Fuente Ymbroko ganadutegikoak; hilaren 11n, Escolar Gil ganadutegikoak; hilaren 12an, Conde de la Mazako etxekoak; hilaren 13an, Garcigrande ganadutegikoak; eta hilaren 14an, Miura etxekoak.