17:32

Sanferminak

Txupinazoa

Jesus Ilundain Zaragueta 'Tuli'k jaurtiko du sanferminetako txupinazoa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

85 urteko iruindarra Los de Bronce peñako 1. bazkidea da, eta entzierroa hasi aurretik San Fermini abesteko ohitura hasi zuena.

  • Tuli, udaletxeko balkoian. Argazkia: EFE

    Tuli, udaletxeko balkoian. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Jesus Ilundain Zaragueta Tuli iruindarrak jaurtiko du aurtengo sanferminetako txupinazoa, bozkatuena izan baita Udalak antolatutako herri bozketan.

Los de Bronce peñako 1. bazkidea da, eta, 85 urte baditu ere, oso aktiboa da oraindik urtero-urtero San Fermin jaian. Gainera, entzierroa hasi aurretik santuari hiru aldiz abesteko ohitura hasi zuena da.

Alkateak du txupina nork jaurtiko duen erabakitzeko eskuduntza, baina, aurten, Joseba Asironek herritarren esku utzi du erabakia, eta herri bozketa egin da.

Herritarrek sei hautagaitzaren artean hautatu ahal izan dute. Beste bostak hauek ziren: Peñen Federazioa, Paris 365 Gizakia Herritar Fundazioa, Oberena Dantza Taldea, Sanferminak Berdintasunean Taldea eta Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma.

Alkateak zoriondu egin du Tuli, eta "iruindar peto-petoa" dela goratu du.

Asironek gogorarazi duenez, haren hautagaitza Iruñeko ostalaritza elkarteak eta buruhandien elkarteak proposatu zuten.

"Jaiak beti pozik bizi izan ditu", nabarmendu du, eta "oraindik ere, 85 urte dituen arren, parte hartzen jarraitzen du". "San Fermin jaia diseinatu duen belaunaldi oso bat ordezkatzen du", gaineratu du.

Jesús Ilundain Zaragüeta El Tuli sanferminak

Joseba Asiron eta Jesus Ilundain. EFE

Tuli, zoriontsu

Bestalde, Jesus Ilundainek berak "ilusioz betea" dagoela adierazi du.

"85 urte eman ditut momentu honetan pentsatzen, eta iritsi egin da. Bizitza osoa eman dut sanferminetan, zerbitzu militarreko bi urteak salbu, eta hau une gorena da niretzat", esan du, eta jaiei hasiera emateko formula tradizionala erabiliko duela aurreratu du: "Pamploneses, pamplonesas, viva San Fermín, gora San Fermin".

Horren esanetan, udaletxeko balkoian "jende asko" izango du buruan, batik bat Los de Bronce peñakoak.

Tulik aitortu egin du jaiak "asko" aldatu direla, eta iraganekoak dituela gustukoen, "herrikoak" zirelako. Hori bai, gaur egun ere "disfrutatu" egiten duela ziurtatu du.

Kanten istorioa

Prentsaurrekoan, entzierroa hasi aurretik santuari hiru aldiz kantatzeko ohitura nola hasi zuen azaldu die Tulik kazetariei.

"Bikotekiderik ez nuenean, 15:00etan ateratzen nintzen etxetik, eta hurrengo eguneko 11:00etan itzultzen nintzen. 14:30ak arte egiten nuen lo, eta 15:00etan zezenketetara joaten nintzen. Gau batean, entzierroaren ordua heldu zenean, kanta bat abestea pentsatu genuen, eta La Unica peñako himnoaz gogoratu nintzen, eta hura abesten hasi nintzen, belauniko, ukuiluei begira. Orduan ez zegoen santua bertan, eta bi pertsona izan ginen. Hurrengo egunean zortzi ginen, hurrengoan 16, eta zenbakiak gora eta gora egin zuen, gaur egun arte", zehaztu du.

Halaber, egun leku hartan turistak abesten ikusteak emozioz betetzen duela aitortzen du.

Iruzkinak

  • Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena