Euskadi Irratia
Ostirala, martxoak 4
"Faktoria" berezia, Ukrainako mugatik
EITB Media
Prezemysl herritik zuzenduko dugun saioan, gerra frontetik arituko da Mikel Ayestaran eta ihesean etenik gabe ateratzen ari diren errefuxiatuei emango diegu ahotsa. Eduardo Santos Nafarroako Migrazio Politiketarako ontseilaria eta Xabier Legarreta Jaurlaritzako Migrazio zuzendaria ere izango ditugu.
-
Iñaki Guridi, Poloniaren eta Ukrainaren arteko mugan,
Errusiaren inbasioak eragin duen tragedia humanitarioaz arituko gara ostiral honetako "Faktoria"n, Ukraina eta Poloniaren arteko mugatik, Prezemysl herritik, zuzenduko dugun saio berezian. Gerra frontetik arituko da Mikel Ayestaran bidali berezia eta jasoko dituzte, baita ere, frontera miliziano doazen testigantzak. Baina, batez ere, ihesean etenik gabe ateratzen ari diren errefuxiatuei emango diegu ahotsa Euskadi Irratiko goizeko albistegian.
Entzungo ditugu, baita ere, mugara laguntza eskaintzera joan diren euskaldunen testigantzak, Polonian bizi diren euskaldunena eta ez hain aspaldi Jugoslavia ohitik ihesi etorri zirenena. Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Justizia eta Migrazio Politiketarako kontseilariak eta Xabier Legarreta Jaurlaritzako Migrazio zuzendariak ere hartuko dute parte saioan.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Lehen euskal western-a nola egin zen kontatzen duen dokumentala gaur estreinatzear da. Maider Oleagak (Kuartk valley dokumentalaren zuzendariak) eta Oier Martin Santosek (Algo más que morir lehenengo euskal westernaren zuzendariak) emango dizkigute azalpenak. Ondoren, Lego altzariak izango ditugu hizpide Irune Goikoa Iruñeko Lego dendako langilearekin, eta Baionako bestetako kartel irabazlearen egilea, Amets Azkue, ezagutuko dugu.
Jarraian, Sara Urionabarrenetxea Ekonomia irakaslearekin mailegu hipotekarioen interes tasen etorkizunaz ariko gara, eta Idoia Torregarairen show-a ere izango dugu. Bestalde, EHU Orkestra Sinfonikoaren entseguan izango gara Jose Antonio Ordoñana presidentearekin eta musikariekin.