Itxi

Faktoria

Itxaro Borda

'Psikoanalisi kolektiboa behar dugu, borroka armatuaren mitologia uzteko'

Idazle baionarrari elkarrizketa pertsonala egin dio Maite Artolak. Euskal Herriaz, Kataluniaz, lesbianismoaz eta euskal zinemaren egoeraz aritu dira, besteak beste.

  • Maite Artola eta Itxaro Borda

    22:19 min
imagen player
imagen player
imagen player

Itxaro Borda idazlea gonbidatu du Maite Artolak 'Faktoria'ra, solasaldi sakona egitera. Baionarra Donostiako Zinemaldiko Zinemira Saileko epaimahaiburua da, eta jaialdiaren azken txanpan adierazi du euskal zinemarentzat "garai onak" direla, eta aniztasun handia ikusi dutela. Bereziki, euskal aktoreek egiten duten lana azpimarratu nahi izan du: "Euskal Herriak berriz dastatzen du fikzioarekiko konfiantza hori", nabarmendu du.

Dena dela, uzta horretan euskarak presentzia baldin badu ere, film horientzat tresna nagusia ez dela aipatu da. Hizkuntzaren haritik, hizkuntz politika mihian dagoela adierazi du, izan ere, "libre egiten gaitu hizkuntzak, plazerra ere sortzen duelako". Gainera, "korapiloak askatzeko" ere balio duela azpimarratu du. Korapiloak, baina, askotarikoak izan daitezke. Bordaren iritziz, sexualitateak korapilo "oso sakona" eragin dio barruan, beharbada, idaztera bultzatu zuen korapiloa izan baitzen. Lesbianismoa jarrera politikotzat du berak, aldarrikapena delako oraindik.

Euskal Herriaren egoera politikoaren bidetik, nabarmendu du mitologia oso barneratuta dugula armak eskuan borrokatzeaz eta Euskadiren alde bizia emateaz, eta bide horretatik baztertzeko, "psikoanalisi kolektibo bat egitea" proposatu du, bakoitzak istorio hori guztia bizi izan duen lekutik kontatzea, "gutarik eta guretzat" hasita. Idazlearen hitzetan, "geure buruetan ditugun txip horiek aldatu behar ditugu, gure buruak deskonolizatu, eta borroka horren erraldoitasunaren dolua egin".

Euskara da, nolabait, Itxaro Bordaren aberria, baina beste hizkuntza batzuen eragin nabarmenarekin. Euskal Herriarekin right or wrong, my country erako harremana duela aitortu du, eta euskaldun sentitzen dela. Hori bai, nolabaiteko frantses izaera ere badu, eta frantsesa ez dituela etsaitzat.

Kataluniako prozesua enpatiaz jarraitzen duela azpimarratu du baionarrak. Haren hitzetan, Frantziako gobernuak ulertzen du Espainiakoaren jarrera, kolore bateko estatu-nazioa ulertzen duelako. Dena dela, "katalanen ekinarekin, beharbada, estatu-nazioaren kontzeptua urratuko da", aipatu du.