Itxi

Faktoria

Eguneko efemeridea

Bertsotan bat-batean aritu zen lehen emakumea, gogoan: Plazida Otaño

1890 urte inguruan, Txirrita bera isilik utzi zuen emakumea izan zen Plazida Otaño. Igandean beteko dira 64 urte hil zela.

  • 3:28 min
imagen player
imagen player
imagen player

Gaur, efemeridearen tartean, bertsotan bat-batean aritu zen lehen emakumearen berri eman behar dugu. Hobe esanda, gugana iritsi den emakume baten bat-bateko lehen bertsoaren berri jasoko dugu,  Plazida Otaño. 1890 urte inguruan, Txirrita bera isilik utzi zuen emakumea izan zen.

Igandean beteko dira 64 urte Plazida Otaño hil zela. Zizurkilgo Otañotarren bertso familia oparokoa, lehengusua zuen P.M. Otaño. XIX. mende amaieran kokatu behar dugu. Uda garaia zen eta Zizurkilgo herrigunera zihoan Txirrita Otañotarren Errekalde baserri ondotik igaro zen. Plazida belarretan lanean ikusita aldarte beroan zegoela eta horrela ibiltzen bazen ez zela giro izango bere inguruan esan zion Txirritak. Hauxe Plazida Otañoren erantzuna:

Arrazoi horrek badu
bere parezera,
konprenituko dezu
mutila bazera.
Udarako beroaz
kexatzen al zera?
Lan horretan badezu
egiten atzera,
fraide sartu zintezke
komentu batera.

Estitxu Eizagirre kazetari eta adituak nabarmentzen du topiko guztiak hautsiz sexu kutsukoa izan zela iritsi zaigun bat-bateko lehen bertsoa. Eta agian beraz, sexua ez zela euskal emakumeen artean gizonek saldu nahi izan diguten bezain tabua. Aitari ezkondu behar zuela esan zionekoa da gugana iritsi den Plazida Otañoren beste bertsoa. Eizagirrek argi duena da bi bertso horiek erakusten dutela emakumeak jarduten zirela bat-batean, orduan baserria eta ingurua zen eremu jendetsu horretan.

87 urterekin, 1954ko otsailaren 18an hil zen Plazida Otaño, herriko plazan bapatean aritu gabe, baina gaur egun plazan dago, Plazida Otaño izena baitu bere herrian, Zizurkilen dagoen Aiztondoko liburutegiak, Txirrita bera isilik utzi zuen emakumearen izena.