Faktoria
Joxean Muñoz
'Guggenheim 2 ez da gure lehentasuna'
Krisiaren ondorioak arindu eta euskal kulturaren ekosistema indartzen jarraitzea jo ditu Kultura Sailburuordeak une honetako premiazko helburu
-
19:40 min
"Ez da gure lehentasuna". Argi mintzatu da Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura sailburuordea Guggenheim Urdaibaira zabaltzeko aukerari buruz galdetuta. Izan ere, gaur jakin da Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Museoko zuzendari nagusiak berak, Gernika ondoko leku zehatzak jo dituela begiz: Murueta untziola, Gernikako Urbietako futbol zelai ingurua, eta Dalia lantegi zaharra. Muñozek 'Faktoria'n zehaztu du mugimendu horien berri komunikabideen bitartez jakin dutela Jaurlaritzako Kultura Saileko arduradunek, eta gogorarazi du, Jaurlaritzaren lehentasuna "krisiaren ondorioak arintzea" eta "euskal kulturaren ekosistema indartzea" direla.
Tabakalerari buruz, kulturaren kontzeptua zabaldu eta sormen industriarantz egin dezakeen bidea nabarmendu du eta horretan "Euskadiko eta nazioarteko erreferente" bihur litekeela. Arabarekin eta Gasteizekin ere ez ahaztutzearen garrantzia azpimarratu du, baita ere, eta adibideetarako jarri du Artiumen udan egingo den “Free to play” deituriko bideojokoak sortzeko mundu mailako lehenengo kanpusa. Chillida Lekuz berriz, esan du, familiarekin harremanik ez daukala Jaurlaritzak baina poztekoa dela bide pribatutiik Hernaniko museoa udan zabaltzeko aukera izango dela jakitea.
Zinemagintzaz eta gidoigintzaz ere mintzatu da Muñoz Faktorian egindako elkarrizketan. Gidoigintza deialdia defenditu egin du eta iragarri du indartu egingo dutela propio telebistarako egindako fizkioaren sorkuntza: "hor dago-eta", esan du "zulorik handiena. Beste gauza bat da gero zer bitarteko izango dituen telebistak hori aurrera eramateko". Euskarazko zinemagintzaren loraldiaz ezezik, bikoiztutako atzerriko haurrentzako filmez ere aritu da, "Warner eta Walt Diseny bezalako produktora handiak konturatu dira hor badagoela merkatu bat", esan du, eta iragarri du Zinema Euskaraz proiektuaren baitan itzulitako filma guztiak aurki egongo direla e-liburutegian.