Itxi

Faktoria

Joseba Insausti

'Ez gaituzte behar bezala ezagutzen'

Gizalditako historia duen artaldea da berea. Eta Josebak, larrerik eta ardirik ez zuen artzainak, eman dio segida kate horri. Animaliez, inguruaz, elikaduraz eta animalismoaz aritu gara harekin.

  • Joseba Insausti, Zaldibiko Otaza etxaldearen inguruetan

    Joseba Insausti, Zaldibiko Otaza etxaldera ardiak sartzen.

    30:42 min
imagen player
imagen player
imagen player

Joseba Insausti ordiziarra da, 42 urte ditu eta artzaina da. Zerotik hasi den artzaina. Larrerik ez ardirik ez zuen artzaina. Hiru gizaldi badituen artaldean bera da arrotza, bera da berria hiru gizaldiz saroi berean bizitu den artaldean. Hilabete barru zabalduko dira Aralarko larreak eta oraintxe hasiko dira harako prestaketa lanak, ile mozketak eta urduritasunak. Ardiak aurki jarriko dira urduri eta gaizto, mendirako urduritasunak jota. Eta 'oilo ipurdia jarrita' abiatuko da bera ere mendira. Bitarte horretan, Zaldibiko Otatzan etenik ez du: Goizeko zortzietatik ordu txikietara aritzen da Joseba, Alimentaria, Cheese Awards edota jaioterriko Ordiziako sari gorenak lortu dituzten gaztak egiten. Konbertsazioan aritu gara berarekin larrean eta, ardiak barrura sartu ondoren, mahaiaren bueltan, besteak beste, lurrarekin eta animaliekin duen loturaz -'maitasuna da hitza, bai'-.

Maitasun horretatik ulertzen ditu animalistak, baina 'muga non dagoen' galdetu du. 'Bizitza eta heriotza, biak ditu baserriak, egunero', gogoratu digu eta berak mina hartzen duela ardiak kentzen dituenean. 'Gaizki pasatzen dut, eta ez da atsegina. Eta min horrekin joan eta hiltegian protesta bat topatzen baduzu, ba da zure minean hatza sartzea', kontatu du.

Elikadura ekoizletzat du bere burua, eta elikagaiak ondasun publiko gisa babesteko, erregulazioa eskatu du: 'Diru-laguntzek kalte egiten digute’, iritzi dio; ‘firmatuko genuke pagatu dezatela dagokiguna, ez prezio azpitik; eta diru-laguntzarik ez jaso'. Zeharka hitz egin du Aralarko pistei buruz eta zuzen-zuzenean, otsoaz: 'Exijentzia guztiak bete behar ditugu eta gizartearen zati batek eskatzen digu aintzinan bezala bizi gaitezela. Ezin digute eskatu ehun urte atzera egitea', amaitu du.