Itxi

Faktoria

Haurren txertaketaz

I.Miner: "Hezkuntza esparru segurua bihurtzeko balioko du txertoak, eta haurrei emozionalki on egingo die"

P.G.| Eitb Media

Euskadiko Pediatria Elkarteko zuzendaritzako kideak egoki jo du haurrak txertatzeko erabakia, "haurrek ere babestuta egoteko eskubidea dutelako", eta iritzi dio haurrek bizitza normalagoa egin ahal izateko urratsa ere izango dela.

  • Europako sendagaien agentziak baimena eman du 5 eta 11 urte bitarteko haurrak txertatzeko.

    Haurrak eskola batean. Argazkia: Irekia

    5:51 min
imagen player
imagen player
imagen player

Izaskun Miner Euskadiko Pediatria Elkarteko kideak onartu du haurrek normalean helduek baino errazago gainditzen dutela covid-19a, baina, halere, haurrak txertatzearen alde mintzatu da Espainiako Pediatria Elkarteak kaleratutako txostena oinarri hartuta, "haurrek babestuta egoteko eskubidea bermatu egin behar delako". Bereziki azpimarratu ditu Hezkuntzan eta haurren eguneroko bizitzan txertatzeak ekar ditzakeen onurak.

Hezkuntza esparru seguruagoa bihurtuko duela iritzi dio, "eta umeen arteko hartu-emanak orain bezain mugatuta egon ez daitezen urratsa izango da. Burbuilak ez dira nahikoak, eta euren ongizate emozionalean ere ondorioak izango ditu".

Haurrak gizartearen zati handi bat direla kontuan hartuta, talde immunitatea lortzeko urratsa izan daitekeela esan du "Faktoria"n,  covid-19aren hedapena mugatzeko ahalik eta jende gehien txertatzea komeni delako.

Izaskun Minerren hitzetan, gainera, "kontuan izan behar da, gauden egoeran, helduok txertatuta bagaude, positibo batekin kontaktua badugu ere bizitza normala egiten jarrai dezakegula, noski, frogak egin eta gero. Baina haurrak dira bakarrak kontaktu zuzena baldin badute etxean gelditu behar dutenak bai ala bai, 10 egunez, negatibo emanda ere. Eta horrek etxe barruan arazo handiak sortzen ditu kontziliazio aldetik". Haurrek ere bizitza "normalago" bat egin ahal izateko aukeratzat jo du Miner pediatrak.