Itxi

Faktoria

LITERATURA ETA NAZIOA

Miren Gabantxo: "Idazle harrigarria izan zen Bizenta Mogel; literaturaren periferiatik atera beharra dugu"

JON ARTANO IZETA

500 metro pasatxoko ibilian, Xemeindik Markinara, Juan Antonio Mogelen omenezko eskultura eta Bizenta Mogelen omenezko parkea lotu ditu FAKTORIAK, ttipi-ttapa, Gabantxo ikerlaria bide-erakusle eta gidari hartuta.

  • Miren Gabantxo-Uriagereka, Xiri Andonegi eskultoreak Juan Antonio Mogeli eskainitako monumentuan

    Miren Gabantxo-Uriagereka, Xiri Andonegi eskultoreak Juan Antonio Mogeli eskainitako monumentuan

    26:55 min
imagen player
imagen player
imagen player

EHUko LAIDA ikertaldeak antolatuta, Bermeon egiten ari diren LITERATURA ETA NAZIOA, NAZIOA ETA LITERATURA jardunaldien atariko egin dute paseoa Miren Gabantxorekin. Bizenta Antonia Mogelen, euskarazko liburu bat publikatu zuen lehendabiziko emakumearen, bizia eta obra ikertu ditu Gabantxok, eta sorginduta dauka Azkoitian jaio eta Markinan eta Bilbon bizitako andrazko haren ausardiak eta gaitasunak. "18 urterekin idatzi zuen IPUI ONAC obra, Esoporen alegiak itzuli eta moldatuz. Komunikazio eraginkorra lortzeko herri xehearen hizkera erabili beharra zegoela konturatu zen. Alegia: euskara batuaren beharraz jabetua zegoen; batua sortu baino bi mende lehenago!".

Gabantxok nabarmendu Mogel ez zela idazle soil bat: "idazle on bat baino. Poliglota eta itzultzailea ere bazen, eta hizkuntzalari eta kazetari sena zuen". Literaturaren historian gizonak goraipatu ditu oraintsu arte, "berriki, feminismoaren eraginez, hasi gara andrazko egileak aztertzen" azaldu du ikerlari bermeotarrak. Eta galdera bat utzi du airean: "Nork erabakitzen du historian nortzuk diren goretsiak eta nortzuk ahaztuak?".