Publizitatea
Itxi

2020/10/18

08:23

Goiz kronika asteburua

Elkarrizketa

Biurrun: "Neurri berrien inguruko auzia, gehienez, ostegunerako ebatzi beharko da"

EUSKADI IRRATIA

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko behin-behineko presidenteak argitu du Jaurlaritzak atzo iragarritako neurriak bihar erregistratuko dituela eta azkar ebatziko dutela.

  • Garbiñe Biurrun, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko behin-behineko presidentea

    Garbiñe Biurrun, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko behin-behineko presidentea

    2:36 min
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak atzo iragarritako murrizketa berriak indarrean sartzeko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi behar ditu. Garbiñe Biurrun Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko behin-behineko presidenteak Euskadi Irratiko "Goiz Kronika"n azaldu duenez, bihar erregistratuko ditu Eusko Jaurlaritzak neurri horiek, eta hortik aurrerako prozedura "erraza" dela zehaztu du. Gainera, "legeak dioen eran, auzi honek lehentasun osoa" daukala adierazi du.

Auzitegiak hiru egun naturaleko epea izango du, murrizketa hauek herritarron eskubideen inguruan zein eragin duten aztertzeko, eta, gehienez, "ostegunerako" aurreikusten du ebazpena izatea. Biurrunek argitu du "ikusi" egin behar dela "neurri horiek idatziz nola zehazten" diren.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Aretoari dagokio erabakia hartzea. Neurriak onartzeko arazorik ikusten duen galdetuta, ezin duela ezer aurreratu esan du Biurrunek, Jaurlaritzak neurriak nola erredaktatu eta zehaztu dituen jakin beharra dagoelako horretarako. "Neurriz neurri aztertuko dituzte neurriok, eta herritarren oinarrizko eskubideengan ze eragin duten aztertuko dute", amaitu du.

Neurriak

Azken asteetan positiboen kopuruak gora egin ondoren, pandemiari aurre egiteko neurri berriak eman zituen atzo Osasun sailburuak. Azken 24 orduetan 841 kasu berri zenbatu dituzte EAEn, eta, horregatik, Jaurlaritzak "pertsonen mugikortasuna mugatzea" erabaki du.

Besteak beste, pertsona taldeak, aforoak, ostalaritzako ordutegiak, parke eta lorategietako ordutegiak edo federatu gabeko kirol lehiaketak jomuga dituzte neurriek. Osasun Sailak sinatutako agindu batean zehaztu eta datozen egunetan EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dituzte, EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi ondoren.

Indarrean zegoen araudia aldatuko dute neurri berriekin. Besteak beste, taldeak 10 pertsonatik 6ra pasako dira, eta aforoak % 50era murriztuko dituzte jarduera esparru guztietan.

Oro har, kanpoko ekitaldietan 600 pertsona baino gehiago biltzea ez da posible izango, eta 400 barruan. Tabernek eta jatetxeek 24:00etan itxi beharko dute, eta txoko eta elkarteetan biltzea debekatuta egongo da.

Gainera, parke, lorategi eta jolastokiak 23:00etan itxiko dituzte, eta federatu gabeko kirol lehiaketak bertan behera geratuko dira.

Oraingoz, ez dute konfinamendurik aurreikusten, baina ez dute baztertzen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena