Itxi

Goizak gaur

Idoia Zabalza

"Familiaren teoria berresten du audioak: Mikel Intxaurrondon hil zutela"

2010ean itxi zuten epaibidea berriz zabaltzeko itxaropenik ez du agertu Idoia Zabalzak, Mikel zenaren arrebak: "Agian uko egin beharko diogu Justiziari egiari tokia egiteko.

  • MIkel zabalza

    Mikel Zabaltza

    6:54 min
imagen player
imagen player
imagen player

Mikel Zabalzaren senideek uste dute Publico agerkari digitalak egunkariak gaur argitaratu duen grabazioak balio dezakeela familiak beti defendatu duen teoria berresteko eta gizarteari entzunarazteko: "Mikel Intxaurrondon hil zutela". Publico egunkariak Luis Alberto Perote CESIDeko koronelaren eta eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketaren audioa argitaratu du gaur. Bertan, Gomez Nietok dio Zabalza Intxaurrondoko kuartelean hil zela, bihotzekoak jota, torturatzen ari ziren bitartean, poltsarena egiten ari zitzaizkionean.

Oso informazio zehatza dela esan du "Goizak Gaur" albistegian Idoia Zabalzak, Mikel zenaren arrebak, eta haren heriotzaren unera eraman dituela azpimarratu du, haren begirada poltsaren azpian irudikatzeraino. "Zauria zaharra dugu eta beti jakin izan dugu heriotza oso krudela izan zela, baina audioa entzuteak barruak nahasi dizkigu", esan du.

Grabazioak 1995ean El Mundo egunkariak atera zituzten lehenengoz, eta sumarioaren parte dira, baina orduan epaileak ez zituen froga gisa onartu, kalitatea oso txarra zela argudiatuta, eta, beraz, ezin zirela bertan agertzen ziren ahotsak identifikatu. Auzia 2010ean itxi zuten eta senideek ez dute uste argitalpen honek inolako ibilbiderik izango duenik. Iragan astean Galindo generala hil ostean, Zabalza sendiak uste du "Justiziarako ateak ixten ari direla protagonistak poliki-poiliki desagertzen ari direlako. Edonola ere, audio honek familiaren egiaren aitortza dakarrela dio Zabalzak: "Agian uko egin beharko diogu Justiziari egiari tokia egiteko".

Ostiralean zinema aretoetan estreinatuko den Non dago Mikel? Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruan Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas Pitu-k egindako dokumentala egiteko prozesuan eskuratu dute gaur Publico-ak kaleratu duen audioa. Altxorra izan dela eurentzat azaldu digu Miguel Angel Llamas Pitu-k, nahiz eta hainbat zalantarzen ondoren, dokumentalean bertan azkenean ez duten jaso. Bihartik aurrera, hori bai, "Galdutako Objektuak" websailean izango da denen eskura.