Literatura
4.000 metro karratutan
AlhondigaBilbaoko 'Mediateka'k 50.000 ale izango ditu
Erredakzioa
Bilboko Udalak eta BBKk proiektua garatzeko hitzarmena sinatu dute gaur. Bost urtetan zehar egongo da indarrean akordioa, eta, horren arabera, Bizkaiko kutxak bi milioi euro jarriko ditu urtero.
Urte bukaeran irekiko ditu ateak AlhondigaBilbaoko ''Mediateka''k. 4.000 metro karratu izango ditu, eta 50.000 ale bilduko dituzte bertan, tartean liburuak, CDak, DVDak edo ebook-ak. Publiko guztiarentzako eduki kulturalak eskaintzea dute helburu, eta horretarako asteko egun guztietan egongo da ''Mediateka'' zabalik.
Hiriko laugarren liburutegirik handiena izango da AlhondigaBilbaoko espazio berri hau, eta proiektua garatzeko Bilboko Udalak eta BBKk akordioa sinatu dute gaur. Hitzarmen honen arabera, Bizkaiko kutxak bi milioi euro jarriko ditu urtero espazio berri honetan ekintza kultural eta sozialak garatzeko.
Bilboko alkate Iñaki Azkunak eta BBKko presidente Mario Fernandezek sinatutako akordioak bost urteko iraupena izango du, urriaren 1ean hasita. Dena den, hitzarmena luzatzeko aukera zabalik utzi dute, bost urteko epetan.
Diru ekarpenarekin batera, BBKk bestelako partaidetza ere izango du ''Mediateka''n. BBK soziala programako jarduerak Mediateka barruan garatzeko aukera izango du aurrezki kutxak.