Musika
Astelehen honetan
AC/DC Bilbon: San Mameseko kontzertuaren bitxikeria guztiak
Erredakzioa
Egun bakar bat besterik ez da geratzen Australiako taldea Bilbon izateko. Antolaketa martxan dago. Los Perros del Boogie hasierako talde gonbidatua izango da eta ateak 18:00etan irekiko dituzte.
Bihar, ekainaren 28an, Bilbora helduko da azkenik AC/DC taldea. Black Ice Tour biraren barnean, kontzertu bat eskainiko du San Mamesen. Ikusmin handia sortu du emanaldiak, izan ere, sarrera guztiak agortu dira. Apurka, kontzertuaren inguruko xehetasun guztiak ezagutzera eman dituzte.
San Mameseko ateak 18:00etan irekiko dituzte. Jende pilaketa sahiesteko, bertara sartzeko azken orduraino ez itxarotea aholkatu dute antolatzaileek. 20:45etatik 21:30ak arte Valentziako Los Perros del Boogie taldea arituko da zuzenean. Ovidi buru duen talde honek Desprecio y entrega izenburuko bere lehenengo musika lana aurkeztuko du- M-Clan, Burning nahiz Tequila musika taldeen eragina du bere musika. Gaueko 22:00etan AC/DC igoko da eszenatokira.
Janaria eta edaria
Antolatzaileek ezagutzera eman dutenaren arabera, 300 lagun baino gehiago arituko dira segurtasun lanetan. Beste 65 lagunek jezarlekua aurkitzen lagunduko dute. Gainera, lau anbulantzia, behin-behineko ospitala eta 16 mediku edozein larrialdiari aurre egiteko prest izango dira. Edaria eta janaria ez da faltako. Izan ere, garagardoa, ura eta ogitartekoak salduko dituzten lagunak izango dira publikoaren artean eta 15 ostalaritza barrek ere produktu berdinak eskainiko dute.
150 lagunez osatutako talde batekin helduko da AC/DC. 47 kamioietan eta 12 autobusetan iritsiko dira eta San Mames Barriaren lekuan utziko dituzte garraioak. Ikuskizuna eskainiko duten eszenatokiak 56 metroko zabalera eta 32 metroko sakonera izango ditu. Piroteknia erabiliko dute eta marrazki bizidunak proiektatuko dituzte pantaila erraldoietan.