Zinema
Goya Sariak
'Balada triste de trompeta' filmak, 15 izendapen Goya sarietarako
Erredakzioa
Goya sarien XXV. ediziorako sailkatuen zerrendaren berri eman du Zinema Akademiak. Pa negre-k 14 izendapen izan ditu, También la lluvia-k 13, Buried-ek 10, Biutiful-ek 8 eta Lope-k 7.
Balada triste de trompeta (Alex de la Iglesia) eta Pa negre (Agusti Villaronga) dira otsailaren 13an banatuko diren Goya sarietarako pelikula faborito nagusiak.
Zinema Arte eta Zientzien Akademiak astearte honetan eman du ezagutzera sarietarako hautatuen zerrenda. Balada triste de trompeta pelikulak 15 izendapen jaso ditu, besteak beste pelikula onenaren, zuzendaritza onenaren eta gidoi onenaren sarietarako. Alex de la Iglesiaren filmak, haatik, ez du erraz izango, Pa negre eta También la lluvia pelikulek ere izendapen ugari jaso baitituzte.
Pa negre-k (Agusti Villaronga) 14 izendapen izan ditu, pelikula onenaren, zuzendaritza onenaren eta gidoi egokitu onenaren sailetan esaterako. También la lluvia (13), Buried (10), Biutiful (8) eta Lope (7) pelikulak ere Goya saria irabazteko lehian egongo dira
Zuzendari onenaren atalean Rodrigo Cortes (Buried), Agustí Villaronga (Pa Negre), Iciar Bollain (También la Lluvia ) eta Alex de la Iglesia (Balada Triste de Trompeta) izendatu dituzte.
Gizonezko aktore onenaren saria eskuratzeko lehian Javier Bardem (Biutiful), Antonio de la Torre (Balada Triste de Trompeta), Luis Tosar (También la lluvia) eta Ryan Reynolds (Buried) aritu dira; emakumezko aktore onenaren atalean, aldiz, honako hauek dira izendatuak: Emma Suarez (La mosquitera), Elena Anaya (Habitación en Roma), Belen Rueda (Los ojos de Julia) eta Nora Navas (Pa Negre).
Bi euskal aktorek ere saria eskuratu dezakete: Karra Elejalde (También la lluvia) eta Álex Angulo (El Gran Vázquez) antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren saria eskuratzeko lehian arituko dira. Julio Medem zuzendari donostiarrak lau sari eskuratu ditzake Habitación en Roma bere azken pelikularekin, eta Maite Ruiz de Austri zuzendari arabarrak animazio film onenaren Goya saria eskuratzeko aukera du, El tesoro del Rey Midas lanarekin. Zuzendari berri onenaren atalean David Pinillos zuzendaria dugu, EITBren lankidetzarekin filmatu den Bon appétit pelikularekin.
Mario Camus zuzendari eta gidoigileak jasoko du ohorezko Goya.
Otsailaren 13an egingo dute, Madrilen, sariak banatzeko ekitaldia.