Zinema
Sail berezia
15 euskal film Mexikon ikusgai, Guadalajarako zinemaldian
Erredakzioa
Estreinakoz, sail berezia izango du euskal zinemak Guadalajarako jaialdian. Lau euskal film, gainera, Sail Ofizialean izango dira lehian. Martxoaren 25etik 31ra egingo dute jaialdia.
Euskal zinemak leku berezia izango du aurten Guadalajara hiriko (Mexiko) nazioarteko zinema jaialdian. Martxoaren 25etik 31ra bitartean egingo dute aurten jaialdia, eta, estreinakoz, euskal zinema jorratuko duen sail berezia izango du. Etxepare Institutuak bultzatuta, 15 euskal film proiektatuko dituzte Enfoque País Vasco sailean: lau film luze eta zortzi film labur eskainiko dituzte.
Gainera, bertoko lau lan izango ditugu Mexikon lehian, jaialdiko Sail Ofizialean. Ikus-entzunezkoen euskal industriak txoko berezia ere izango du bertan, Basque Audiovisual markak jarriko duen erakustoki berezian.
Enfoque País Vasco
80 egunean (Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño), Debekatuta dago oroitzea (Josu Martínez eta Txaber Larreategi), La plaza de la música (Juan Miguel Gutiérrez) eta Izarren Argia (Mikel Rueda) filmak dira egunotan Mexikon ikusgai izango diren euskal film luzeak.
Kimuak katalogoko bost film labur ere eskainiko dira: 5 recuerdos (Alejandra Márquez eta Oriana Alcaine), Ahate pasa (Koldo Almandoz), Amona putz! (Telmo Esnal), Dirty Martini (Iban del Campo), Él nunca lo haría (Anartz Zuazua), Los que lloran solos (David González), Marisa (Nacho Vigalondo) eta La presa (Jorge Rivero).
Lau lan, lehiaketan
Lau euskal film izango dira aurten Mexikoko zinemaldian lehian. 80 egunean pelikulak Iberoamerikako fikziozko film luze onenaren saria eskuratu dezake eta Sitios prestados al aire Maider Oleaga zuzendari bilbotarraren lana film labur onenaren lehiaketan da. Bird Boy Pedro Rivero bilbotarren film laburrak eta Mikel Ruedaren Cuando corres lanak Iberoamerikako film labur onenaren saria eskuratu dezakete.