Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Euskaraldia

EiTBk Euskaraldiko bere hamaikakoa aurkeztu du

EITB

Komunikazio Talde osoko ordezkariek osatzen dute taldea. Eurak dira EiTB barruan egitasmoa sustatzeko ardura hartu dutenak.

Euskal Irrati Telebistak Euskaraldiko bere hamaikakoa aurkeztu du gaur (irailak 27), Bilboko egoitzan. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra "11 egun euskaraz" lelopean egingo den egitasmoa EiTB barruan sustatzeko eta parte hartzera animatzeko ardura du taldeak, eta Komunikazio Talde osoko ordezkariak daude hamaikakoan.

Euskal hiztunak aktibatzeko asmoz sortu da Euskaraldia ekimena. Euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu, baita era guztietako erakunde eta elkarteak euskarazko hizkuntza praktikak babesteko neurriak hartzera bultzatzea ere.

EiTB barruan aurrera eramaten ari diren ekimenen berri ematea eta parte hartzera animatzea da hamaikakoaren egitekoa. Izena emateko garaian ere, beharrezko informazio guztia eskainiko dute.

Egitasmoaren sustatzaile den aldetik, eta komunikazio talde modura, EiTB Euskaraldiaren jarraipen informatibo zabala egiten ari da. Euskal Herrian barrena antolatzen diren ekimenen berri eman eta jarraipen handia egingo zaie Taldearen hedabide guztietan.