Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Fikzio berria

"Hondar ahoak" intrigazko telesaila estreinatuko du ETB1ek

EiTB

Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy protagonista dituen intrigazko istorioak thrillerretan eta zinema beltzean ohikoak diren elementuak biltzen ditu.

1:16
Eneko Sagardoy eta Nagore Aranburu. Argazkia: EiTB.

Aste honetan amaituko da Ondarroan "Hondar ahoak" fikziozko telesail berriaren filmaketa. Txintxua Filmsek ETBrentzat sortutako suspense minisailak thriller eta zinema beltzeko elementuak nahastuko ditu. 

Telesail berria Koldo Almandoz gidoilari eta zuzendariaren lan originala da eta datorren denboraldian estreinatuko da ETB1en. Orotara, 4 atal izango ditu.

"Hondar ahoak" fikzioak thrillerretan eta zinema beltzean ohikoak diren elementuak biltzen dituen intrigazko istorio bat kontatzen du. Trama nagusia euskal kostaldeko herri batean garatzen da, arrantza portu garrantzitsu baten inguruan. Itsasontzi baten patroiaren desagerpena ikertzea helburu duen polizia-inspektore baten etorrerarekin batera hasiko da istorioa. Kasu hauetan gertatzen den bezala, laster konturatuko da Nerea (Nagore Aranburu aktoreak antzezten duen pertsonaia) ezer ez dela hasiera batean dirudiena. 

"Hondar ahoak" telesail berriaren protagonista nagusiak Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy izango dira. Lehenak polizia-inspektorearen rola du eta, bigarrenak, berriz, bere laguntzailearena. Antzezle-zerrenda nagusia Iñaki Beraetxek, Sara Cozarrek, Ainhoa Artetxek eta Iraia Eliasek osatzen dute. Gainera, Joxean Bengoetxea, Mikel Tello, Asier Hernandez eta Pako Revueltas aktoreek ere parte hartuko dute telesailean. Azpimarratzekoa da Omar Diop, Fanta Touty Diatta eta Ibou Sarr jatorri senegaldarreko aktore ez profesionalen esku-hartzea ere. 

Filmazioan parte hartu duen ekipoa Ondarroan hasi zen lanean uztailaren hasieran, abuztuan grabaketarekin hasteko. Datorren ostiralean, hilaren 28an, amaituko dira bertako lan guztiak.

Koldo Almandozen ohiko kolaboratzaileak ditugu lantalde teknikoan, esaterako, Javier Agirre argazkilaritza zuzendaritzan eta Alazne Ameztoy zuzeneko soinuan. Arte zuzendaria Zaloa Ziluaga izan da, ekoizpenaren ardura Marian Fernandezek izan du eta bigarren unitatea Asier Altunaren esku egon da.