Prentsa aretoa
Bidebarrieta Kuturgunea
Ane Irazabal, Mikel Reparaz eta Dani Álvarez, astearte honetan Bilbon, Europako migrazio-krisia hizpide
EITB Media
'Gaurkotasunarekiko topaketak' izeneko zikloaren hitzordu berri batean izango dira, Bilboko Bidebarrieta liburutegiko areto nagusian, 19:00etatik aurrera. eitb.eus-en jarraitu ahal izango da, streaming bidez.
-
Dani Álvarez eta Mikel Reparaz. EITB Media
Astearte honetan, otsailak 8, Mikel Reparaz eta Dani Álvarez EITBko kazetariek Bidebarrieta Kulturguneko Gaurkotasunarekiko topaketak izeneko zikloaren hitzordu berri batean hartuko dute parte, oraingoan Ane Irazabal EITBko nazioarteko korrespontsalarekin. Europako migrazio-krisia izango da hitzaldirako ardatza.
Bilboko Bidebarrieta liburutegiko areto nagusian izango dira, 19:00etatik aurrera. Sarrera doakoa eta librea izango da, aforoa bete arte. Aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da eitb.eus-en (Radio Euskadiko webgunean) eta kulturguneatb.eus webgunean.
Ane Irazabal Ekialde Erdiko eta Europako migrazio-fenomenoetan espezializatuta dago. Bost urte baino gehiago eman zituen Ekialde Hurbilean, Palestinan eta Egipton, eta bost Italian. Egun Berlinen bizi da. EuroBasque 2019 Kazetaritza saria eman zioten Awlad-Hesiak gainditu dokumentalagatik. Lan horrek bi neskato eta bi mutiko errefuxiatuaren testigantza jasotzen du, exodo baten etapa desberdinetan daudenak iragaitzazko herrialdeetatik azken helmugara arte eta hezkuntzarako sarbide desberdina dutenak.
Ane Irazabal
Mikel Reparaz nazioarteko informazioan espezializatutako kazetaria da eta gaur egun ETBko albistegietako Nazioarteko arduraduna da. Aurretik, Bruselan korrespontsal izan zen eta EITBren bidali berezia lau kontinentetako hauteskunde, gatazka eta bake-prozesutan. Euskal Herrira itzuli aurretik, Estatu Batuetako berriemaile izan zen eta orduko bizipenak Las grietas de América liburuan bildu ditu. Lan horrengatik 2021eko Euskadi Literatura Saria jaso zuen, saiakera atalean.
Dani Alvarez Radio Euskadiko Albistegi burua da eta "Crónica de Euskadi" eguerdiko albistegia gidatzen du astelehenetik ostiralera. Aurretik, goizeko "Boulevard" saioa zuzendu eta gidatu du ia 11 urtez. Gainera, ETB2ko "El Día de Mañana" elkarrizketa saioan ikus dezakegu ostegunetan, eta "El Sabor del Crimen" eta "El Lector de Huesos" saioak ere aurkeztu izan ditu ETB2n.
Gaurkotasunarekiko topaketak dibulgazio-zikloa da eta, zorroztasunetik abiatuta eta akademizismotik ihes eginez, gori-gori dauden gaiak sakon aztertu nahi ditu. Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturgunea espazioaren baitan kokatzen da. Kultura, literatura eta zientzia garatzea eta sustatzea du azken honek helburu.


