Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Musika

Irekita dago 2023ko Gaztea Sarietan botoa emateko epea

EITB Media

Gaztearen webgunean eman daiteke botoa, otsailaren 22a arte. Martxoaren 2an banatuko dituzte Gaztea Sariak, Bilboko Euskalduna Jauregian. Gonbidapenak agortuta daude, baina ekitaldia streaming bidez jarraitzeko aukera izango da.

  • Gaztea Sariak 2023

    Gaztea Sariak 2023

Zabalik dago 2023ko Gaztea Sarietan botoa emateko epea. Joan den astean iragarri zituen Gazteak kategoria bakoitzeko hautagaiak eta, gaurtik aurrera, publikoak aukera izango du erabakitzeko nork eramango duen saria 7 kategorietako bakoitzean. eitb.eus/eu/gaztea/gazteasariak webgunean eman daiteke botoa.

ETS, IZARO, ZETAK, Verde Prato eta Bulego dira talde edo bakarlari onenaren atalean hautagaiak; eta abesti onenaren kategorian, berriz, honakoak dira bost proposamenak: J Martinaren "Amore", ETSren "Abuela maitea", Olaia Inziarte eta Olatz Salvadorren "Behe klasekoak", Bulego eta Marenen "Ezer ez da berdina" eta ZETAK eta Erramun Martikorenaren "Itzulera". 

Zuzeneko onenari dagokionez Dupla, IZARO, Chill Mafia, Neomak eta Gatibu dira izendatuak; eta disko onenaren kategorian ditugu Zea Maysen Adore, Kemena, Kuraia, Olaia Inziarteren Lehengo lepotikan burua, Merina Grisen Zerua Orain, Willis Drummonden hala ere eta Vulken Vulk Ez Da. 

Artista edo talde berri onena aukeratzeko J Martina, Merina Gris, Olaia Inziarte, Bengo eta Txopet dira izendatuak; eta bideoklip onenaren atalean, berriz, honakoak dira bost hautagaiak: Zea Maysen 'Corazón de tango', Ezpalaken 'Kontran', HOFE X 4:40ren "Handia", Huntzaren "Odoletan" eta Olatz Salvadorren "Eraman nazazu". 

Azkenik, zale gehien mugitzen dituen artistak ere sarituko dituzte fandom onenaren kategorian. Chill Mafia, Bulego, ETS, IZARO eta ZETAK proposatu ditu Gazteak. 

Bulego, Merina Gris, Neomak, Sua, ETS eta Süne zuzenean arituko dira galan

Garaikurren banaketaz gain, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da, ETS eta Süne, Sua, Neomak eta Merina Gris taldeekin. Galan zehar joko dute taldeek, gau berezirako propio prestatutako ikuskizunak eskainiz. 

Sariak banatuta eta gaua ixteko, Bulego taldearen kontzertu berezia egongo da. 

Bertan gonbidapenak agortuta daude, baina egun horretan Euskaldunara joateko modurik ez dutenek izango dute etxetik ikuskizunaz gozatzeko aukera, 2023ko Gaztea sariak emateko ekitaldia streaming bidez ikusi ahalko baita, Gaztearen YouTube kanalean. Gainera, irrati bidez jarraitzeko aukera ere izango da.