Itxi

albistea

Legebiltzarretik

Inbestidura saioa, zuzenean, ETB eta eitb.com-en

A.H.

EITB

EITBko hedabideek saio guztiak jarraituko dituzte zuzenean, inbestidura saioa eta bozketak, baita larunbatean Gernikan izango den karguaren zina ere.

  • Gasteizko Parlamentua.

Gaur, asteazkena, izango den inbestidura saiotik hasita, larunbatean, hilaren 15ean, Gernikan izango den karguaren zinara bitartean, ETBk eta eitb.com-ek saio guztien informazio osoa eskainiko dute zuzenean. Aurreikuspen guztien arabera, Iñigo Urkullu, EAJko lehendakarigaia eta hauteskunde autonomikoen irabazlea, Lehendakari berri izendatuko dute, eta bakarrik gobernatuko du. Asteazkeneko saioan gainera, Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak lehendakaria izateko bere burua ere aurkeztuko du.

Azken orduko ezustekoak egon ezean, bozketaren lehenengo itzulian Urkulluk ez ditu babes nahikorik lortuko. Hori dela eta, hurrengo egunean, ostegunean, bozketa errepikatuko dute eta orduan bai, Urkulluren lehendakarigaitzak gehiengo sinplea lortuko du.

Asteazkeneko 'Egun On Euskadi' albistegiak zuzenean bat egingo du Eusko Jaurlaritzarekin goizeko 09:30etik aurrera eta saioaren berri emango du 13:30ak arte. Gainera, ekitaldia hasi aurretik, Aitzol Zubizarretak bost talde parlamentarioetako bozeramaleekin zuzeneko elkarrizketak egingo ditu, saioren aurreko iritziak jasoz.

Arratsaldean, saioaren emanaldiarekin jarraituko da ETB-1en, 14:30etik aurrera eta arratsaldeko 20:00ak arte. Esan bezala, inbestidura saioa ostegunera luzatuko da ziurrenik, eta ostegun goizena 'Egun On Euskadi' saioak jasoko du emanaldiaren berri zuzenean, goizeko 09:30tik aurrera.

eitb.com-ek inbestidura saio osoaren berri emango du zuzenean, gaur eta ostegunean. Horrez gain, datorren larunbatean, hilaren 15an, Gernikako Juntetxean, Gernikako arbolaren aurrean eta Autonomia Estatutuaren gainean egingo du Urkulluk karguaren zina, eta ekitaldi horren zuzeneko emanaldia ere eskainiko dute eitb.com-ek eta Euskal Telebistako lehenengo kateak.

Inbestidura saioaren gaineko solasaldia

Asteazken gauean, Estibaliz Ruiz de Azuak gidatutako saio berezia eskainiko du ETB-2k. Saioak, Eusko Legebiltzarraren etorkizuna eta egunean zehar izandako inbestidura saioaren gaineko azterketa eskainiko du hainbat adituekin. Gobernatzeko gaitasunaz, etorkizunean eman daitezkeen alderdien arteko akordioak, Gobernu berriaren lehentasunak eta marko politiko berria izango dira, besteak beste, solasaldian aztertuko diren gaiak. eitb.com-eko erabiltzaileek ere, saioa zuzenean jarraitzeko aukera izango dute streaming-aren bitartez.

Inbestidura saioren gaineko solasaldiak, politikan ibilbide luzea izandako politikariak bilduko ditu eztabaida mahaiaren inguruan, horien artean: Alfredo Marco Tabar, euskal politikaria eta UCD eta CDSko sortzailea; Jose Ignacio Arrieta, EAJko politikaria eta enplegu eta gizarte gaien sailburu ohia; Roberto Lertxundi, PSEko senatari eta legebiltzarkide ohia; Paulino Luesma, PSEko politikaria eta Gobernuaren ordezkari ohia Euskadin; eta Juan Jose Pujana, Eusko Legebiltzarreko presidente ohia eta senatari ohia