Itxi

telebista

Estreinaldiak

Saio berriak eta itzulera esanguratsuak, ETBren udazkeneko programazioan, elkarrekin sentitu eta dastatzeko

EITB Media

EITB

Estreinaldien artean daude "Euskal Herria Hegan" eta "Dagoenean bon-bon" ETB1en, eta "El Otro Lado de la Mesa", "Así Se Escribe Un Crimen" eta "Pintxo Pote" ETB2n. "Tal Para Cual" lehiaketa eta euskararen munduan murgilduko gaituen "Tribuaren Berbak" bueltan ditugu berriz ere.

  • Udazkeneko programazioa aurkeztu du ETBk FesTVal jaialdian.

    Udazkeneko programazioa aurkeztu du ETBk FesTVal jaialdian. (Irudia: EITB Media)

Garena, batzen gaituena lelopean aurkeztu du ETBk udazken honetarako prestatu duen programazioa Gasteizko FesTVal jaialdiaren barruan, astearte honetan (irailak 2). Elkarrekin sentitu, dastatu, gozatu, deskubritu eta dibertituko gaituen askotariko edukiak prestatu ditu EITBk, zerbitzu publikoa, aktualitatea eta gertutasuna ardatz izango dituen telebistarako eskaintza zabala. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak gidatu du aurkezpen ekitaldia eta protagonista izango diren aurkezleei eman die hitza. Alboan izan dituzte, halaber, Joseba Urkiola eta Arantza Ruiz, EITBko Kiroletako eta Albistegietako zuzendariak hurrenez hurren, eta Maite Amundarain ETBko Albistegietako zuzendaria

ETB1eko programazioaren izarretako bat "Euskal Herria Hegan" dugu, ilusio eta mimo handiz prestaturiko proiektua. Euskal Herria airetik zeharkatuko du bederatzi ataleko dokumental sail honek; gure lurraren esentzia inoiz ez bezala erakutsiko digu zentzumenentzako bidaia ikusgarrian. Musika funtsezko elementua izango da, narrazioarekin batera. Miren Gaztañaga aktoreak jarriko dio ahotsa kontakizunari eta Fernando Velázquezek sorturiko soinu-banda izango du bidelagun, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak interpretatuta. Atal bakoitzean, gainera, bi euskal kantari ospetsuren emanaldiak izango ditu ikusgai. 

Horrekin batera, "Dagoenean bon-bon" saioa estreinatuko da ETB1en, Armintz Gorrotxategiren eskutik. Gozogile saga ezagunaren oinordeko den gazteak gutizia eta bidaia zaporetsu bati ekingo dio, euskal gozorik esanguratsuenen atzean dauden istorio eder eta harrigarriak ezagutzera emanez. 

ETB1eko programaziora itzuliko da, bestalde, "Tribuaren Berbak", euskarari eta hizkuntzei buruzko entretenimendu eta dibulgazio saioa. Gure nortasunaren oinarri den hizkuntza, euskara, izango du erdigunean, beti begirada positiboz eta modu eraikitzailean landutako edukiekin. Kike Amonarrizekin batera Izaro Arrutik gidatuko du programa. 

ETB2ko aurtengo apustu garrantzitsuetako bat "El Otro Lado de la Mesa" izango da, elkarrizketa zintzoa eta hausnarketa sakona sustatu nahi dituen esperimentu sozial berritzailea. Zerbitzu publikoko programa horretan, astero, gai berari buruzko iritzi erabat kontrajarriak dituzten eta elkarren artean ezagutzen ez diren bi pertsona batera eseriko dira afaltzera. Xabier Garcia Ramsden kazetariak gidatuko du saioa eta Amagoia Eizagirre psikologoak topaketa bakoitzean sortzen diren dinamikak aztertuko ditu. 

Nabarmentzekoa dugu, halaber, "Tal Para Cual" lehiaketa mitikoaren itzulera, etxera bueltan datorren Anne Igartibururen eskutik. Entretenimenduz betetako saioa izango da, erritmo, barre-algara eta emozio gehiagorekin. Programaren dinamikan ez dago aldaketarik: bikoteek bateragarriak direla erakutsi beharko dute, ahalik eta diru gehien irabazteko. 

ETB2ko programazioko beste klasiko batek, "La Noche de…"k, aurkezle aldaketa izango du. Duela 30 urte Felix Linaresekin abian jarri zen zinema saioa Sara Gandarak gidatuko du udazken honetatik aurrera, Dani Alvarezi lekukoa hartuta. Halaber, laster estreinatuko dira "Así Se Escribe Un Crimen", Euskadiko kronika beltzari buruzko dokumental saila. Ainhoa de las Heras, David Olabarri eta David González, El Correo-ko gertakarien kazetariak, eta Miriam Duque programaren aurkezlea dira gertaera horiek lehen lerroan aztertu dituzten kazetarietako batzuk. Orduan jazotakoa gogoratuko dute, hasierako ikerketatik ebazpen judizialeraino. 

Udazkenean iritsiko den beste berrikuntza gastronomiko bat "Pintxo Pote" izango da. Javi Sierra Euskadiko herrietan barrena ibiliko da, ikus-entzuleek pintxo poteak egiteko lekuen zerrenda osatu dezaten. 

Tarte nabarmena ETB1en euskarazko fikzioarentzat 

EITBk euskarazko fikzio seriatuarekin duen konpromisoaren barruan, udazkenean ikusgai izango ditugu ETB1en "Desagertuta", PR1MERANen marka guztiak hautsi dituen thrillerra, eta Donostia Zinemaldian aurrestreinatuko diren "Zeru Ahoak" eta "Go!azen 12". Horrekin batera, ETB2n ikusgai izango dira "Cristobal Balenciaga" eta "Las Pelotaris 1926" telesailak, besteak beste.

Eguneroko saioei dagokionez, ETB1en seigarren denboraldiari ekingo dio "Biba Zuek!" saioak, Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia bikotearekin, gai sozialak, euskara, gure musika, kultura eta ohiturak ardatz hartuta. ETB2n, berriz, "Euskadi Quédate" magazina estreinatuko da, Odei Esnaolak gidatuta. Gertuko informazioa izango du ardatz, zuzeneko eta erreportajeen bitartez, eta euskal gizartearen aniztasuna islatuko dute, hunkituko gaituzten istorioekin. Goizetako "En Jake" aktualitate saioan, Xabier Lapitzek bidelagun berria izango du denboraldi honetan: Leire Torre. Gainera, "La Otra Cara" erreportaje saioarekin jarraituko du Leirek. 

Bueltan izango ditugu, halaber, saio hauek: "Mihiluze" (Ilaski Serrano eta Antton Telleria), "Esto No Es Normal" (Nerea Alias eta Egoitz Txurruka) eta "Atrápame Si Puedes" (Patxi Alonso) eguneroko lehiaketa arrakastatsuak; elikadura eta sukaldaritza ardatz dituzten "Txoriene" (Zigor Iturrieta eta Patricia Viteli), "Joseba Arguiñano, Sukalerrian" eta "A Bocados" (Ander Gonzalez eta Gabriela Uriarte); "11 Entzuteko" (Klaudio Landa) eta "Navarra Hoy" (Amaiur Elizari) aktualitate saioak; "Hitzetik Hortzera" (Mirari Martiarena), Nafarroa, Bizkaia, Xilaba eta Arabako bertsolari txapelketak jomugan hartuta, eta "Teknopolis" (Iñaki Leturia), zientzia, teknologia eta berrikuntza munduko azken nobedadeekin. 

Albistegiak eta kirolak 

"Teleberri"k plato berria estreinatuko du datorren astelehenean. Horrez gain, aurpegi berriak izango ditugu denboraldi honetan: Dani Alvarez orain arte Radio Euskadiko albistegietako buruak  telebistako albistegietara egingo du jauzi gaueko "Teleberri" gidatzeko, eta asteburuetan Saioa Martija izango dugu aurkezle. Africa Baetak osatuko du ETB2ko aurkezle taldea. ETB1en, Asier Otegik aurkeztuko du "Egun On" saioa Irati Errandonearekin batera eta Nerea Reparaz itzuliko da gaueko "Gaur "Egun" albistegira. Eguerdietan Xabier Usabiaga arituko da eta asteburuetan Lierni Agirrezabala

Egunero "Kirolak" saioak eskainiko duen informazioarekin batera, iraileko lehen bi igandetan arraun denboraldiko bandera preziatuena jokatuko da: Kontxakoa. Esku pilotak ez du etenik izango eta urrian Winter Series zesta punta txapelketaren bosgarren edizioa hasiko da. Herri kirolek ("Harri Herri" eta "Kirol Herri" saioekin), futbolak eta "Helmuga" saioko erreportajeek osatuko dute denboraldiko eskaintza.