telebista
Gora Zeledon!
Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan murgilduko da EITB asteartetik aurrera
EITB
Urteroko hitzorduak izango ditugu ETBn: Zeledonen jaitsiera eta igoera, Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera, txistulari kontzertua eta pilota torneoa. Horrekin batera, Etzakit eta Neomak taldeen kontzertuak jai egitarauan Gaztearen eskutik, eta programazio berezia Radio Vitorian.
-
Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak, EITBn.
Abuztuaren 4tik 9ra ospatuko diren Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiek tarte zabala izango dute EITBko hedabideetan. Zeledonen jaitsieraren emanaldia izango dugu abiapuntu, astearte arratsaldean. Amaiur Elizarik egingo du kontakizuna, 21 urtean Zeledon izandako Gorka Ortiz de Urbina lagun duela, 17:30etik aurrera ETB2n eta ETB ONen. Erreportari lanetan, Leire Barriocanal eta Garikoitz Suarez arituko dira. Egun horretan bertan, "Euskadi Quédate" saioa Gasteiztik egingo du Odei Esnaolak eta lantaldeak.
EITBk zuzenean eskainiko ditu, halaber, Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera (ostiralean, 11:30ean, ETB1en eta ETB ONen), Ilaski Serranoren eta Josu Pedruzoren kontakizunarekin, eta Zeledonen igoera (igandean, 00:40ean, ETB1en eta ETB ONen), Joseba Olagarai eta Josu Pedruzo esatari direla.
Aurten ere, Gaztea Gauaren eskutik bi kontzertu izango ditugu jai egitarauaren barruan, Foruen plazan: Etzakit (hilaren 4an) eta Neomak (hilaren 7an).
Urteroko Gasteizko Txistulari Kontzertua abuztuaren 1ean eskaini zuen ETB1ek eta ikusgai dago ETB ON plataforman, eta Andre Mari Zuriaren Pilota Torneoaren finalaurrekoak (asteazken eta ostegun arratsaldean) eta finalak (larunbat gauean) ETB1en eta kirolakeitb.eus atarian jarraitu ahal izango ditugu.
Bestalde, Gasteizko jaiak galdu ezinezko hitzordua da Radio Vitoriarentzat eta programazio berezia prestatu du. Zeledonen jaitsieraren emankizuna izango dute abiapuntu astearte arratsaldean, eta irratsaio bereziak egingo dituzte hiriko erdigunetik, antolatutako ekitaldi nagusien zuzeneko kontakizuna egin eta jai giroaren berri emateko.

