Itxi

telebista

Gorka Otxoarekin

'Gracias, Petrov' saioaren estreinaldia, gaur, ETB-2n

A.E.

EITB

Lehendabiziko saio honetan Errenteriako 'banderen gerra', 1983ko uholdeak, eta 83an Realak eta Athleticek izandako garaipenak gogoratuko ditu Gorka Otxoak gidatzen duen saioak.

0:23
Gorka Otxoa

Gaur estreinatuko da ETB-2n Gorka Otxoak aurkezten duen "¡Gracias, Petrov!" saioa. Euskal Herrian eta munduan azken hiru hamarkadetan gertatutako errepasatuko du ostegunero ETB-2n 22:30ean hasita, Rosa Zufiak zuzentzen duen saioak. Lehendabiziko atalean, besteak beste, Errenteriako 'banderen gerra'-ko, 1983ko uholdeetako eta 83an Realak eta Athleticek izandako garaipenetako irudiak ikusiko ditugu. Saio hau larunbatetan izaten da ikusgai ETB-1en eta ostegunetan ETB-2n.

Hamabi atalez osatuta dago telesail hau. Atal bakoitza ordu betekoa da. Kontakizuna 1983an abiatuko da, urte horretan hasi zen, hain zuzen ere, ETB martxan. Gertaera hauek ezagutu ez zituztenek eta ezagutu zituztenek, 30 urte uste duguna baino askoz gehiago direla pentsatuko dute.

Besteak beste, 1983ko uholdeak, Athletic eta Realaren garaipenak 80ko hamarkadan, euskal rock erradikala eta moda jorratuko dituzte. Horrez gain, indarkeriaren unerik gogorrenak eta urte hauetan bizi izan ditugun krisi ekonomikoak kontatuko dituzte. Ez dira faltako, aletuko diren gaien artean, bizitzeko modu diferenteari begirada eta teknologiaren iraultzak izan duen eragina gure bizitzan.

Albiste txundigarriak eta gure historiako une gogoangarriak bildu dituzte. Baina baita historia txikiak ere; xehetasunak, irudiak eta ia ahaztuta ditugun pertsonaiak, gure artxiboetatik berreskuratu ditugunak, alegia. Protagonistetako askok historia hauek nola bizi izan zituzten kontatuko dute eta hiru hamarkada hauetan arrastoa utzi duten jazoerei buruzko iritzia emango.

Ehun bat  lagun dira atal hauetan lekukoa eman dutenak: kirolariak  (Julian Retegi, Andoni Zubizarreta, Joane Somarriba, Jose Mari Olazabal, John Toshack, Marino Lejarreta eta Iñaki Perurena, besteak beste), politikoak (hainbat lehendakari eta alderdietako ordezkariak), kulturako ordezkariak (El Drogas, Bernardo Atxaga, Juan Carlos Perez, Arantxa Urretabizkaia, Lourdes Fernandez, Javier Gurrutxaga, Harkaitz Cano , Karmele Jaio eta Karra Elejalde), sukaldaritza arlokoak (Karlos Arguiñano), zientzialariak (Pedro Miguel Etxenike), beste esparru batzuetan diharduten langileak, EITBko aurkezle, aktore eta kazetariak, eta baita gizartearen bilakaeraz mintzatuko diren herritar ezezagunak.

'Eskerrik Asko, Petrov' saioan gogoeta egiteko, hunkitzeko eta umorerako tartea izango da. Gorka Otxoa aktoreak, saioaren aurkezleak, atal bakoitzean  une jakin horretako gertakizun eta bizimodu, ohitura eta modekin zerikusia duten esperientzia eta bizipenak izango ditu. Otxoa oso ezaguna da gure artean, 'Vaya Semanita' eta 'Al Rescate'n aktore aritu delako ETBn, eta beste telebista batzuetan ere arrakastaz jardun duelako. Zinean ere entzutea lortu du Pagafantas eta Bypass filmeengatik. Lau urte zituen Gorkak 1983 urrun hartan; hartara, distantzia apur batekin eta begirada pausatuaz erakusten digu jazotako guztia.

Eta, jakina, saioaren beste funtsezko erreferentzia Stanislv Petrov teniente koronela dugu; saioaren izenburuan aipatzen da bere izena. Gizon honek mundua salbatu zuen, gerra nuklearra saihestuz. Hain juxtu, ETB sortu zen urtean, 1983. urtean, izan zen. Moskutik 100 kilometrora zegoen Serpukhov-15 bunkerraren arduraduna zen Petrov. Bera jardunean zegoen, alegia, OKO sateliteak AEBko misil nuklearren jaurtiketa igarri zuenean. Intuizioari kasu eginez eta aginduak baztertuz, kontrako erasorik ez egitea erabaki zuen.  Eskertzekoa, beraz, bere jokabidea, alarma faltsua izan baitzen. Bere erabakiak, ordea, arazo asko eragin zizkion, baina mundua salbatu zuen.

Ordutik hona denetarik izan dugu, ona eta txarra, baina Petrov-en erabakiari esker saio honetan gertaera guztiak kontatzeko moduan gaudela ospatu dezakegu.

ETBren jaiotza

"¡Gracias, Petrov!"en lehen atala 1983 ETB sortu zen urteari buruzkoa da. Petrov-ek gerra nuklearra saihestu zuen urtea izan zen, halaber. ETBk hainbat erronkei aurre egin zien hastapen haietan; Euskadin izan ziren uholdeei esate baterako. Politikagintzan, berriz, tira-bira eta sumina handia zen. ETAren indarkeriaz gainera, GAL taldea sortu zen.

Horrez gain, euskal futbolak une gozo-gozoak bizi izan zituen: 1983an Athleticek Liga irabazi zuen, aurreko urtean Realak egin bezala. 1984an zuri-gorriek Liga eta Kopa irabazi zuten.

Moda, musika eta dekorazioko estetikak ere txunditu gintuen:  Vulpesen 'Me gusta ser una zorra' eta Barricadaren 'La Silla electrica'ren garaia zen, besteak beste.

Hainbat lekuko garrantzitsu bildu ditu lehen atal honek: Carlos Garaikoetxea garai hartan lehendakari zena, Arantxa Urretabizkaia idazlea, Andoni Zubizarreta Athleticeko atezain ohia, El Drogas kantaria, Santi Auzmendi jostuna, esate baterako. Euren lekukoa emango dute baita ere EITBko hainbat aurkezlek, kazetarik eta teknikarik. Iritziak osatzeko, gertakizun haiek nola bizi izan zituzten kontatuko dituzte hainbat kaletarrek.