telebista
Gaur
Titin III-Merino II / Berasaluze VIII-Albisu, ETB-1en eta eitb.com-en
A.A.
EITB
Horrez gain, Caja Laboralen eta Uxue Bilbao Basketen partidak, Bizkaia Gernika-Getxo Artea errugbi neurketa eta Mallorcako Itzulik lehen etapa.
Igandero legez, pilota emankizuna egingo dute ETB-1ek eta eitb.com-ek gaur arratsaldeko bostetatik aurrera. Txapelketako partidan Titin III-Merino II eta Berasaluze VIII-Albisu izango dira nor baino nor gehiago, eta atarikoan, Aritz Lasa-Merino eta Idoate-Peñagarikano. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia arituko dira esatari lanetan zuzenean Bilbotik.
Goizean, 12:00etan, Endesa Ligako Caja Laboral-Valencia Basket saskibaloi neurketa izango da ikusgai zuzenean ETB-1en eta eitb.com-en, Asier Aranguren, Josean Aldalur eta Juan de la Vegaren kontakizunarekin.
16:00etan, herri kirolen tartean, goizean Leitzan jokatutako aizkolarien Eusko Label Sarian gertatutakoa bilduko dute Koldo Aldalurrek eta Joxe Etxebestek.
Azkenik, futbol jardunaldiaren errepasoa egingo du Mikel Olazabalek 'Gol Festa' saioan, 19:30ean eta 22:50ean. Gaueko edizioan arreta berezia eskainiko diote Realak Mallorcaren aurka jokatuko duen partidari.
Saskibaloia, errugbia, atletismoa eta txirrindularitza ETBKn
Uxue Bilbao Basketek Real Madrilen aurka jokatuko duen neurketa zuzenean eskainiko da ETBKn 12:35etik aurrera, Xabier de la Fuente eta Aitor Uriondoren eskutik.
15:25ean, Bizkaia Gernika-Getxo Artea errugbi partidaren berri emango dute Jon Ander Gorospek eta Jose Felix Urrutiak.
17:30ean, atletismoaren tartea zabalduko diote, Kluben arteko Europako Kross Txapelketa eskaintzeko. Juanan Legorburu eta Xabier Leibar izango dira esatariak.
Azkenik, 19:00etan, Fermin Aramendik Mallorcako Itzuliko lehen jardunaldiaren laburpena egingo du: Palma Saria. Emanaldi hau eitb.com-ek ere eskainiko du.